GARA
ERRENTERIA

Errenteriako Eztena jaialdiak hiru antzezlan estreinatuko ditu

Errenteriako Eztena jaialdiak 25 sortzaile jarri ditu kalean lanean. Horiei esker, aurtengo edizioan hiru lan berri aurkeztuko dituzte. “Hiru proiektu, 25 sortzaile, probokazio bat” izenarekin «antzerkiaren izurritea zabaltzea» du helburu.

Herrian bertan sortutako hiru ekoizpenak garatu ahal izateko deialdia zabaldu zuten apirilean, eta bertara aurkeztutako sortzaileekin taldeak osatu zituzten. Azken bi asteotan lanean aritu dira proiektu bakoitzari lantalde bat zehaztuz.

Horman Poster taldeak, Ausin-Ugartemendia familiako lau kidez osatutakoak, “Eraikitzen gaituzten hitzak” sortu du; Metrokoadroka kolektiboko zortzi kideak –Andoni Mutiloa, Ikerne Mendieta, Alazne Lastra, Danilo Facelli, Alvaro Garayalde, Eider Perez, Amaia Ruiz de Galarreta eta Ivan Aizpurua– “Aldarri” proiektuan ari dira lanean; eta Espe Lopez antzerkilaria beste zortzi sortzailerekin elkarlanean –Maite Aizpurua, Xanti Agirrezabala, Jon Ander Urresti, Maider Lekunberri, Olga Onrubia, Olatz Beobide, Sonia Villamor eta Belen Cruz– “La mirada” laborategia zuzentzen ari da. Guztiak ekainaren 21etik 23ra ikusi ahal izango dira Errenteriako hainbat espazioetan.

Eztena jaialdiko kideek arte eszenikoak herrian txertatzeko eta antzerkiaren grina zabaltzeko helburuz azken hamar urteetan egindako lanari jarraituz irudikatu dute aurtengo edizio berezia.

Izurritea, beraz, martxan dago herriko kaleetan, sortzaileak biztanleekin kontaktuan daude eta herriko istorioez eta giroaz kutsatzen ari dira.