GARA
BAIONA

Gizon batek bere emaztea tiroz hil eta bere buruaz beste egin du Urruñan

Baionako fiskalak eta Poliziak uste dute Angelo Nervik, 83 urteko gizonak, tiroz hil zuela Mayie, 81eko emaztea, eta ondoren bere buruaz beste egin zuela Urruñan. Gaur eginen diete autopsia, Bordelen.

Angelo eta Mayie Nerviren alaba batek aurkitu zituen, atzo goizean, bien hilotzak Urruñako beren etxean. Claude Cheysson Atzerri ministro izan zenaren etxaldean atezain gisa lan egindakoak ziren senar-emazteak eta oraindik ere han bizi ziren, Urruñako erdigunearen eta Oleta auzoaren artean, Bettiri Baita bidearen 110. zenbakian. Cheyssonen oinordekoak dira egun etxaldearen jabeak.

Senar-emazteen alabak eman zien abisua larrialdi zerbitzuei, baina iritsi zirenerako hilik zeuden biak.

Dagoeneko abian den ikerketak argituko du zehazki zer gertatu zen, baina Donibane Lohizuneko poliziek bildutako lehen datuek adierazten zutenez, gizonak tiroz hil zuen emakumea eta ondoren arma bera erabilita egin zuen bere buruaz beste.

“Mediabask”-i eginiko adierazpenetan, Samuel Vuelta Simon Baionako fiskalak ere adierazi zuen hori dela hipotesi nagusia.

Bi gorpuak Bordelera eraman zituzten, gaur auzitegi-medikuek autopsiak egin diezazkieten. Horien emaitzekin, eta bikotearen senide eta gertukoen artean egiten ari diren galdeketekin, espero dute jazotakoa argitu ahal izateko froga eta datuak biltzea.