GARA
DONOSTIA

Rufino Iraola Garmendia bertsozale eta idazlea hil da

Rufino Iraola Garmendia bertsozalea eta idazlea hil zen atzo 73 urte zituela. Zaldibian 1945ean jaioa, bere ibilbidea bertsolaritzari lotua egon da eta arlo horri loturiko idazketa lehiaketetan garaile izan da hainbatetan: Lazkao Txiki, Orixe, Xalbador, Zapirain Anaiak eta Lekuona.

Era berean, epaile izan da bertsolari txapelketetan, tartean 1986ko eta 1989ko Euskal Herriko Txapelketa Nagusian. “El Diario Vasco” egunkarian eta “Bertsolari” aldizkarian bertsolaritzari buruzko artikuluak argitaratu izan ditu.

Sari literarioei dagokienez, Irun Hiria irabazi zuen 1994an eta horri esker “Dena dago zatitxo baten baitan” liburua argitaratu zuen. 2000n, berriz, Antonio Maria Labaien sariketa irabazi zuen eta “Hire magalean” argitaratu zuen Alberdaniarekin hurrengo urtean.

Azken horren egitura bitxia da bikote izandako fraide eta moja baten arteko gutunen bidez kontatzen baitu istorioa. Gaur egungo arazoen inguruko gogoeta sakona egiten dute maitale ohiek.

Beste liburu batzuk eman zituen: “Artxanberriren ziriak, Patxi Errotaren ugaritasuna, Jainkoaren ateraldiak”, “Zaldiarangoak”, “Biziaren bisutsak”, “Abaraska”, “Ñañarriri begira” eta “Bihotzaren zelaietan”.

Bestelako ibilbide profesionalean, 1983az geroztik euskara irakasle jardun zen Urretxuko, Zarauzko eta Lasarte-Oriako euskaltegietan.