GARA
Iruñea

Urrun baina elkarrekin eraikitako erakusketa

Kordobakoa da Consuegra Romero eta Iruñekoa, Elba Martinez. Elkarrengandik ehunka kilometrora landu dute itsasoa ardatz duen erakusketa. Bien artean osatutako lana Susana Blasek koordinatu du, erdibidetik, Madriletik. Itsasoa gai hartuz, beren kezkak islatu dituzte.

Elkarrengandik urrun zeudela, bi artistak izandako elkarrizketatik sortu da Iruñeko Ziudadelako Mistoen Eraikineko erakusketa, “Ostruka bat izan liteke... bi dira baina. Kaixo, itsasoa hautsi egin da”. Elba Martinez nafarra eta Consuegra Romero andaluziarra elkarrengandik urrun egon dira beti, aretoan bertan topo egin zuten arte.

Abiapuntua itsasoa izan da, dituzten irrikak, beldurrak eta itxaropenak aditzera emateko metafora gisa. Mistoen Eraikineko lehen solairuko areto bakoitzean erakusketaren protagonistetako baten lana dago: Consuegra Romerok bolalumaz egindako marrazkiak egiten ditu, eta Elba Martinezek, instalazioak. Erakusketa hilaren 30era arte bisitatu ahalko da.

Consuegra Romerok azaldu zuenez, urteak eman ditu bolaluma urdinez marrazten, su eta gar; eta horrela «irrika, amorrua, edertasuna zein kontsolamendua darizkien emozio-paisaiak» sortu ditu. «Tinta-erritua saria zein zigorra» izan da berarentzat.

Elba Martinezentzat, berriz, «artea eta bizitza bereiztea ezinezkoa da. Aztoratzen duen gaitasuna du olerkigintzan, margolaritzan, argazkigintzan zein instalazioetan. Ausart eta ziztatzaile». «Instalazio hauek irudikapenari eta harridurari buruz hitz egiten didate. Olerkiak idazten ere ari naiz, eta horiekin zerbait plastikoa egin nahiko nuke», esan zuen bere artelanari buruz. Ibilbide honetan lagun izan dute Susana Blas. «Maparen erdigunetik lagundu ditut nik, haien ikuskerek liluratuta, haien gau-otoitzen edertasun aztoragarrian buru-belarri sartuta. Behatuz, adi, erne egon naiz... baloia pasatzen saiatuz jokoak jarrai zezan, zuhaixken artean sartu behar zenean», kontatu zuen Blasek.

«Badakizu zertan pentsatzen ari nintzen? –esan zion Romerok–; EAE eta Ceuta marra batez lotzen badituzu, erdian zeu zaude, Madrilen. Eguneko itsasoa eta gauekoa ezberdinak dira. Itsaso horretan milaka pertsona hiltzen dira, beraien herrialdeak uztera behartuta».

Bi artistak desberdinak badira ere, hainbat kezkak batzen dituzte.