GARA
HERNANI

Babes zabalarekin hasi da Gipuzkoako papergintzako greba, itun duin baten alde

16 greba egun deitu dituzte Gipuzkoako papergintzan ELA, LAB eta CCOOk. Atzo izan zen horietako lehena eta, sindikatuen arabera, %90eko erantzuna izan zuen. Gaur Tolosan mobilizatuko dira.

Gipuzkoako papergintzako lehenbiziko greba eguna «erabat arrakastatsua» izan zen deitzaileentzat,; hau da, ELA, LAB eta CCOOrentzat. Jakinarazi zutenez, %90eko erantzuna izan zuen eta produkzioa geldirik egon zen fabriketan.

«Langileek ozen eta argi hitz egin dute: akordio duina nahi dute eta ez dute Adegiren mehatxua eta jarrera immobilista onartzen», adierazi zuten sindikatuek. 16 greba egunetako lehendabizikoak izandako emaitzak ikusirik, jarrera aldatzeko eskatu zioten Adegiri, egiazki negozia dezan eta langileek sortutako aberastasuna bana dezan.

Atzo manifestazioa egin zuten Hernanin eta gaur, bigarren greba egunean, gauza bera egingo dute Tolosan (Triangulo plazan, 12.00etan).

Azaldu zutenez, astelehenean izan zuten azken bilera Adegirekin eta sindikatuek eskaerak moldatu zituzten: besteak beste, soldata igoera %0,6 jaitsi zuten, KPI+%2ra arte. Mugimendu horrek, ordea, ez zuen inolako eraginik izan patronalarengan. Mahaitik altxatu eta negoziazioa utzi zuen Adegik. Horren aurrean, grebaren aldeko botoak nagusitu ziren lantokietan, alde handiz.