GARA
BILBO

Bihar itzuliko da «Udate bete» eta berarekin batera Tasio marrazkilariaren tira

Ostiralero Tasioren tira bat aterako da GARAren udako gehigarrian, «Udate bete»-n, baita beste eduki asko ere: erreportajeak, literatura eta musika gomendioak, Proust galdetegia eta errezetak, adibidez.

Udan bete-betean sartuko gara bihar, eta San Joan jaiekin hasi eta Porrontxoetara arte herrietako jaiek ez dute etenik izango. Kontatu beharrekoak dira gure herrietako ohiturak, baita opor egunetan egin daitezkeen askotariko planak ere, eta horretaz arduratuko da aurten ere “Udate bete” gehigarria.

Ostiral honetan hasita, astero uda usaina izango duten hamasei orrialde izango ditu lagun GARAk. Ez dira faltako erreportaje mamitsuak, ezta jaiei buruzko informazioa ere, festa bakar bat ere galdu nahi ez dutenentzat.

Nobedadeak ere izango dira, eta azkenengo orrialdean, harribitxi bat: Tasioren tira batek agurtuko du ostiralero “Udate bete”, koloretan. Horrez gain, udan gehiago irakurri ohi denez, ale bakoitzean liburu gomendioak egingo dituzte kultur, kirol eta beste arlo batzuetako pertsona esanguratsuek. Olatz Salvador musikariak estreinatuko du atal hau ostiral honetan.

Halaber, musikak ere leku berezia izango du, eta asteburuetan kontzertua emango duen musika-talde baten kritika ere izango da. Aurten ere, ‘Proust galdetegia eta +’ atalak bere tartea izango du.

Antoniette Faurek, garaiko Errepublika frantseseko presidentearen alabak, Marcel Proust nobelagilea elkarrizketatu zuen pertsonaia horren egiazko nortasuna ezagutzeko xedez, eta Martin Garitanok formula berbera erabiliko du Euskal Herriko hainbat pertsonaiarekin.