GARA
DONOSTIA

Bizitzaren bidegurutzeez solasean diharduten bi piano

Bizitzan aurrera egiteko erabakiak hartzea ezinbestekoa da. 17 urterekin, selektibitatea egin aurretik, irakasleak zer ikasi nahi dugun galdetzen digunean hartzen dugun erabakitik abiatzen da «Eta... zer gehiago?» ikuskizuna. Bigarren galdera horri aurre egin behar izan zioten Xabier Lizasok eta German Ormazabalek pianoa ikasi nahi izan zutenean.

Bi. Bi piano oholtza gainean, bizitzaren bidegurutzeen inguruan gogoetatzen. Andoni Egaña bertsotan eta German Ormazabal eta Xabier Lizaso pianoan. Ezohiko ikuskizuna da “Eta... zer gehiago?”.

Hainbat herritatik pasatu ostean, Donostian eskainiko dute hiru lagunek emanaldia, hilaren 28an, 20.00etan, Victoria Eugenia antzokian (sarrerak 12 euroan daude salgai).

Egañak esan bezala, «bi piano-jotzaile piano banarekin oholtzan ez da askotan ikusten». Bertsolariak bat-batekotasuna oinarri duenez, prestatutako programa bikain ateratzeko musikariek zenbat entseatzen duten ikusteak harritu du. Bere lana da hitzez azaltzea taula gainean dagoena.

«COU bukatzen ari ginela, selektibitatea egiteko bi hilabete falta zirela, irakasleak galdetzen zigun zer ikasteko asmoa genuen. 17 urterekin hurrengo ostirala datozen 50 urteak baino garrantzitsuagoa da», esan zuen bertsolariak ikuskizunaren abiapuntua zehaztuz.

Adin hori dugula egiten digu irakasleak pisu handiko galdera, «zer ikasiko duzu?». Ormazabalek eta Lizasok erantzun bera eman zioten: pianoa. Orduan dator ikuskizunari izena ematen dion beste galdera, are pisu handiagoa duena: «Eta... zer gehiago?».

Lizasok pianoa ez beste ezer ikasteko hautua egin zuen. Ormazabalek beste bide bat hartu zuen, nahiz eta ez zuen pianoa baztertu. Lizasok musikari eskaini dio bizitza osoa; Ormazabalek enpresa munduan egin du bere ibilbide profesionala. Eta bide desberdinak hartu bazituzten ere, ikuskizun berean bat egin dute, Andoni Egañaren ekimenez.

Aukerak egitean galerak ere izaten dira, baina erabakiak hartzean datza bizitza. Ikusleak egoera horretan erraz sartuko direlakoan daude, guztiok bizi izan ditugulako horrelako egoerak, bizitzan aurrera egiteko erabakiak hartzea ezinbestekoa delako.

Programa landua

Ormazabalek azaldu zuen programan goi mailako obrak landu dituztela. Bi musikarien artean aukeratu badute ere, Egañak «ezjakintasunaren ausardiaz» zein pieza gustatzen zitzaizkion eta zeintzuk ez esan die, eta beraiek kasu egin diote. «Pertsonalki, benetako luxu, ohore eta erronka izan da», adierazi zuen. Sergei Rachmaninoven, Frederic Chopinen, Maurice Ravelen, Leonard Bernsteinen, Darius Milhauden eta Astor Piazzolaren piezak hautatu eta moldatu dituzte azkenean.

Lizasok azaldu zuenez, emanaldiak musika protagonista duen arren bertsoak –prestatuak batez ere– eta antzerki pixka bat ere baditu. «Pieza teknikoki zailak daude, baina errazak ere bai, jendeak oso gustura entzungo dituenak. Inprobisazio pixka bat ere badago. Jendea ez da aspertuko». Hala dela dirudi, orain arteko emanaldietan jende dezente bildu baita.

Taula gainean bi piano izango direnez eta hori denez ikuskizun honen berezitasun nagusia, hori esplotatzen ahalegindu dira eta pieza gehientsuenak biek batera jotzen dituzte.

Hala ere, badaude batzuk joko moduan txandaka jotzen dituztenak. Amaieran «pailazoarena» egiteko baimena eman diote euren buruari, hori ere badelako bizitza.