Ariane KAMIO
Elkarrizketa
ANGEL ERRO
IDAZLEA

«Errepideetan eta bizitzan ez da lerro jarraitua bezain gauza zurrunik»

Fakir bati iltze ohea egin nola, halaxe osatu du Angel Errok (Burlata, 1978) bere iraganaren egonlekua, oroitzapenak bereganatu eta mailukada literarioz «Lerro etena» (Elkar) liburuan egonkor antzean jarriz. Gogoan dituenen gainean etzan da bere koadernoetako orrien mihiseekin estalita. Denbora du lehengai nagusi, oroitzeak berak dakarren minaz eta asetasunaz jakitun, baina ahotik surik bota gabe.

«Lerro etena», eta Erro etena? Zeure burua lerro eten bat dela esan izan duzu.

Liburu hau oraindik egitasmo hutsa zenean izenburu baten bila hasi eta burura etorri zitzaidan lehen irudia errepide bateko lerro eten bat izan zen. Irudiarekin batera, horren gaztelaniazko izendapena, gaztelaniaren diglosiak nigan duen indarraren erruz euskaraz horri nola deitzen zaion bilatu behar izan nuena, seguru egoteko. Niri asko kostatzen zait izenburuak topatzea eta beti sentsazioa dut ez dudala asmatzen. Honekin, berriz, tematu egin nintzen. Nire izenarekin duen lotura zeharkakoagatik, liburuak ere baduena (zuzenagoa, ordea), baina baita ideiak iradokitzen duenagatik ere. Hutsunez eginda gaude eta gutaz azaleratzen dugunak geure nortasuna (batasun ilusioa, alegia) osatzen du besteen begietara. Errepideetan eta bizitzan ez da lerro jarraitua bezain gauza zurrunik.

Egiazki, ni atzera begira jartzen banaiz, nekez ikus dezaket neure burua lerro eten baten moduan ez bada: hamazazpi urteak bete arte ez nintzen euskaraz ikasten hasi, neure sexualitatea guztiz onartu arte armairuan bizi izan naiz eta oraindik hor jarraitzen dut zenbait egoeratan edo jenderen aurrean. Aldi berean bi lekutan egotearen eskarmentu txiki horrek, nire ustez, horrek perspektiba ematen dizu, baina osotasun kontzientziaren ordainetan.

Zerk eraman zaitu zure oroitzapenak batzera?

Alde batetik, etxe aldaketa batean zenbait koadernotan bildutakoa aurkitu nuen. Inon argitaratzeko asmorik gabeko idazki, testu, apunteak. Bestetik, denbora luzea deus argitaratu gabe eramatearen kontzientzia txarrak eta urteotan egunkarietan, blogetan eta bestelakoetan idatzi dudan kopuru handiak talka egiten zuen nire buruan. Testu horiek guztiak hartu eta material horrekin zerbait berria egiteko gogoa handitzen joan zait, horretara jarri behar izan arte. Gero, formatua berez etorri da, dietarioarena, manipulazio txikiena dakarrelako. Aukeraketa eta muntaketa izan dira erabili izan ditudan tresnak.

Zergatik ez dituzu pasarteak kronologikoki ordenatu?

Hori hasieratik nuen argi. Denbora tarte handiegia hartzen du liburuak, hasierako eta bukaerako testuen arteko alde handiegia zegoen, hamalau urtekoa. Baina batez ere txatalen segidak testuek diotenaz haragoko zerbait adieraztea nahi nuen. Geure bizitzak kronologiaren narratibaren pean egoten dira. Horri ihes egiteko modu bat fikzioa da, literatura, gauzen arteko harreman berriak, kausa-ondoriozko gezi espero gabeak sortzeko kapaza dena. Testuak biltzean egiaztatu dut hori ez dela fantasia hutsa; ikusi dut iraganeko kontu batzuek erantzuten zietela beste batzuei. Edo elkarrekin paratuta irudipen hori ematen zutela. Seguruenik bakoitzaren memoriak ere ez du kronologikoki funtzionatzen, lotura literarioagoak eginez baizik.

Batzuetan, aurreko poema liburuak berrirakurtzean, irudipena dut nire lanetako gai nagusia denbora dela, ez bakarrik denboraren joana, denboren arteko harreman motak ere bai (orainaren eragina iraganean, idazten ari naizen denbora eta irakurlearena hurbiltzea…). Liburu honetan saiatu naiz denbora lehengaia ere izaten.

Zure oroitzapenak iltzatzeko saiakera bat da liburu hau?

Nire oroitzapenak iltzatzeko saio naturala aurretikoa zen; kafetegi batean egon, koadernoa ireki eta bertan ohar bat hartu, izan asmo utilitarista batekin izan asmo lirikoagoarekin. Une horretan kontzienteki ari zara ahanzturaren kontra, modu ezin zuzenagoan, badakizulako etxera iristerako edo hurrengo egunerako galduko duzula bestela, garbira edo ekintzara pasatu aurretik. Literaturak, oro har, ahanzturaren kontrako borroka horretatik asko du, batera edo bestera. Baina diferentzia bat dago. Ohar espontaneoetan nolabaiteko hautaketa natural bat dago baina, hortik liburu asmo batera pasatutakoan, hautaketa bestelakoa bilakatzen da: estetiko-ideologikoa da. Baztertu ditudan pasarteak ez dira ahaztu nahi nituzkeenak (eta beharbada hori gerta daiteke, “Lerro etena” urte horietako laburpentzat hartzeko tentazioa banu, edo nitaz hori bakarrik geratuko balitz), azken emaitzaren onerako hautatzera behartuta egon naizenak baizik. Hots, liburu honek oroitzapenak ezabatzera eramanen nauen beldurrez nago, neurri batean.

Bizi gabeko oroitzapenak oinordetzan jasotzeko saiakera bat ere badagoela iruditu zait.

Hala esaten dut Granadara joan izan nintzen lehenengo aldiaz. Amaren haurtzaroko hiria zen eta aitona-amonena helduarora arte. Haiek bizi ziren bitartean, beharbada nire adinagatik edo nire arduragabekeriagatik, haien jatorria eta bertako istorioak elezaharren eremuan zeuden. Ez zegozkidan niri. Hirurak falta zirenean joan nintzen aurrenekoz Granadara, ez bidaia sentimental batean, lagunek zubi-pasa antolatuta baizik. Erroak hor izateak ere xarma ematen zion. Hor nengoela, geografia eman nien ezagutzen nituen istorioei edo, poeta parafraseatuz, lur bat asaben oroiminari. Zerbait freudianoa dago hor seguruenik. Nireak ez diren oroitzapenak, nolabaiteko legatu familiarra, nireganatzera joan nintzela pentsatu nuen. Eta neurri batean hala da. Liburuaren beste pasarte batean jasotzen dut Joanes Ezponda poeta mauletarraren esana: hildakoenak izandako etxeetan bizi gara. Eta baita gure aurrekoenak izandako hitzetan eta irudietan ere bai. Dena dugu jarauntsita. Zentzu horretan, ez zait arraroa edo gaizki iruditzen bizi gabeko oroitzapenak oinordetzan hartu, geure egin eta gutaz kutsatuta, gero, ondokoei helaraztea.

Errealitatea, batez ere heriotza, oso tonu beltzean, sarkastikoan edo ez dakit nola definitu tratatzen dituzu.

Tonua kontrolaezina da, nik behintzat ez dakit nola egin. Nirea, antza, koordenada horietan mugitzen da. Umoretsua eta ezkorra. Orekatua behintzat bada. Eta nire ustez, aski naturala, munduaren eta guztion gainbehera ironiaz hartzen ez badugu gureak egin baitu. Hau guztia diot hala idazten dudala esaten didatelako. Berez, neure buruaz dudan irudiaren arabera oso tipo alaia bainaiz. Buruz burukoetan ere hala omen naiz. Baina liburu honetan bertan egiaztatu dut heriotzaren gaia, esaterako, ze presente dagoen nire idazkietan. Editorea beste izenburu bat iradokitzera iritsi zen, epitafio hitza erabilita.

Amaren heriotza duzu erdi-erdian.

Toki pribilegiatu hori eman nion, ongi merezita. Izan ere, lehen aipatu koaderno berreskuratu horiek irakurri nituenean, amari buruzko pasarteak egon ziren egitasmo honen sorburuan. Guztiz ahaztuta nuen amaren azken hilabeteetako bizipenak eta nire aurreko liburuaren prestaketa, argitalpen eta aurkezpena zeinen gainjarrita bizi nituen. Nire gogoak bi esperientziak disoziatuak zituen. Agian, autodefentsan. Eta, neurri batean, neure buruari azalpen bat eskaini dio, ez halabeharrez benetakoa, zergatik 2005eko liburu horretatik aurrera dike lehorrean egon naizen, lan berririk atera gabe.

«Iragana da gerta dakigukeen txarrena». Zergatik?

Liburuaren sarrera laburrenetakoa da hori, ia aforismo bat, eta, egia aitortu behar badizut, ez dut gogoan zergatik idatzi nuen zehazki, zer gogoeta zegoen atzean. Susma dezaket, baina irakurlearen maila berean nago ataka honetan. Ni ez naiz iraganean hobeki bizi ginela uste zalea, ez naiz haurtzaroaren nostalgiko bat, justu kontrakoa baizik. Gero, bestetik, iraganaz zamatutako herri batean bizi gara. Bakoitzak aukeratzen du iraganeko zeri egin behar zaion kasu eta zeri egin behar zaion paso, baina inor gutxik planteatzen dio osoko emendakina iraganari.

Idazleak aipatzen dira liburuan. Besteren artean, Paul Valery eta bere «Cimetiére marin». Iraganeko idazleekin baduzu lotura bat. Zer ematen dizu edo zer aurkitzen duzu garai bateko literatura horretan?

Aurrekoarekin kontraesankorra dirudien arren, nik uste dut eskura dugun literatura guztia garaikidea dela (euskarara itzulita dagoen guztia euskal literatura den modu berean). Orainaldi erabateko batean bizi behar du sortzaileak. Gaurkora ekarri behar ditu. Irakurle moduan ere literatura klasikoko hainbat egilek eragiten didaten gaurkotasun sentsazioa estimatzen dut, guztiok ari garen denboraren kontrako gerran garaipen pirriko baten lekukoa izan banintz bezala.

Egunero idazten duen idazlea zara, prentsan ez bada, zure koadernoetan. Bi poema liburu dituzu idatziak, eta ordutik koadernoak betetzen aritu zara. Noiz erabaki zenuen ohar horiek liburu bihurtzea? Zenbateraino hustu zara koaderno horietan?

Liburu bihurtzearen ideia iazkoa da. Horregatik liburua 2018ra iristen da. Ez nuelako argitaratua izanen zelakoan idatzitako apunterik nahi. Ez nuen libururako idatzi nahi. Hemendik aurrera begira agian ez naiz horretaz libratuko eta, erosketaren zerrenda egitean ere, hori noizbait erabil dezakedalako gurpil zoroan eror naiteke. Horregatik orain nolabaiteko beldurra diet koadernoei. Hustean, ba, saiatu naiz zintzo jokatzen, baina nonbait paratu behar nuen muga. Batzuetan harago joan nintekeela iruditzen zait, gehiago biluztu, elipsian gelditutako hainbat kontutan sakondu. Baina erakuskeriaren arriskua ere hor dago. Egonen da, beharbada, urrunegi joan naizela usteko duenik ere.

Une askotan inizialak erabiltzen dituzu zenbait jenderi erreferentzia egiteko. Zergatik hautu hori?

Eguneroko eta dietario literarioei dagokien bereizgarria da. Gauzen gaineko zure bertsioa ematen ari zara, inorekin negoziatu beharrik gabe, eta, benetako izenak agertzera, beldurtu eta atzera jotzeko arriskuaz gain, objektiboagoa edo zuriagoa izateko joera egon daiteke. Euskal Herriko kasuan agian ez du lan handirik eskatzen inizial bakoitzaren atzean nor egon daitekeen asmatzeak baina, halere, nik beti gezurtatu egin dezaket, auzitara eramana izateko aukera gutxiagorekin. Bestetik, sinetsita nago euskaldunok, diskretu ospea gorabehera, ondokoen intimitateari omen diogun begirunea gorabehera, berri-lapiko samar garela (etxean kuxkuxero, kalean kuakero), eta nik bazka eman nahi nion pultsio horri.

Konfesiotik badu liburuak. Hemofiliaren kasua, adibidez.

Ezin nuen honelako liburu bat atera eta bertan islarik ez izatea neure eguneroko bizitzan eragin gehien duen gaietako batek. Ez dut konfesio moduan bizi izan agertzea, lehenago ere aipatu izan dudalako baita idatziz ere, baina beharbada zailagoa nuen hemofiliari poema bat eskaintzea, eguneroko batean orkatiletako mina dudala eta ibili ezin naizela aipatzea baino. Berez, ez da interes (literario) handiko kontua, baina nonbait egotekotan hemen behar zuen.

Aitortzen duzu ere katekista izandakoa zarela. Zer harreman duzu erlijioarekin? Fedearekin?

Bai, duela dagoeneko hogeita hiru urte, eta urtebetez bakarrik, Burlatako San Blas parrokian, zeinak oso eliza sozial, ezkerreko eta euskaltzalea izateko fama zeukan. Gero, nik utzi nuenerako, goitik bestelakotua zuten. Baina ez zen horregatik bakarrik aldentzearena. Guztiz fedegabetua nengoen ordurako, inertziaz eta adiskidetasunez jarraitu nuen. Baina gauza bat da nork bere kontraesanak irenstea eta beste bat besteei (zu baino gazteagoei) irentsaraztea. Orduz geroztik fedearekin ez dut harremanik. Eta erlijioarekin harreman kultural-folklorikoa.

Euskaldun berria zara. Badira liburuan euskarari eta literaturari buruzko zenbait gogoeta. Nola bizi zenuen hizkuntza garai batean eta nola bizi duzu orain?

Gai luzea litzateke hau. Hasteko eta behin, Iruñerriko euskaldun berria naiz, hots, inork behartu gabe, are korrontearen kontra joanda, hasi nintzen, eta euskarak bat-batean irekitzen dizun munduaren berria eta zabala ikaragarria da. Bat-batean sarbidea duzu ondoan zenuen baina ikusteko gai ez zinen kultura batera. Aldi bertsuan ere hasiko nintzen poesia idazten eta, hasieran ariketa moduan baina gero eta serioago, hasi nintzen euskaraz idazten. Euskarak egin nau idazle. Bide batez, sinetsita nago euskarak ere gaztelaniaz hobeto idazten irakatsi didala, hizkuntzaren trikimailu eta inertziak kanpotik ikusten lagundu didalako. Baina guztiak baditu bere faseak, nazka faseak ere pasatu ditut. Literatur mundutik eta euskal zeratik ihes egiteko bulkada. Baina, bueno, ni pixka bat horrelakoa naiz, guztiz etxean inon sentitzen ez direnetakoa, lerro eten bat.