Andoni Eizagirre
Mondragon Unibertsitatea, Lanki Institutua

Ajea luzatzen ari da

Bat. Berrikuntzek ekonomia aurreratuen garabidean gero eta pisu handiagoa dute. Neurri batean, eskualdearen produktibitatea, enpleguaren konposizioa eta kalitatea edota soldata altuak manufakturako industriaren eta bereziki zerbitzu aurreratuen eraginkortasunari lotuak daude. Horregatik da gurea bezalako eskualdeentzat garrantzitsua pertsona eta enpresen berritzeko gaitasuna ezagutzea; guk ez dugu baliabide naturalekin, demografiarekin edota geografiarekin lehiatzeko aukerarik.

Bi. Zentzu honetan, hainbat indargune ditugu. Pertsonen hezkuntza eta formazio tertziarioan epe laburrean modu nabarmenean hobetu dugu. Era berean, etengabeko prestakuntzan ahalegin berezia egiten ari gara, bereziki ikasketa maila altuko eta adar teknikoko enpresa ertain-handietako pertsonen artean. Joera-aldaketa garbia gertatu da goi-mailako argitalpengintzan eta ikerketan ere; bikaintasuneko ikerketa-zentroen aldeko esfortzuak emaitzak eman ditu (gure I+G politikek historikoki arlo teknologikoa eta jite industriala izan dute). Berrikuntzarako lehen osagaiak (inputak) baditugu, beraz.

Oso bestelakoa da, ordea, berrikuntzako outputei dagokien egoera. Izan ere, gaur egun enpresek berritu dezaten eta lehiatu daitezen faktore garrantzitsuak dira enpresa berritzaileen arteko lankidetza, berrikuntza ez teknologikoa (diseinua, antolaketa, marketina), ikerketaren absortzio enpresariala eta berrikuntza prozesuetatik sortutako Jabetza Intelektualaren Eskubideen forma desberdinak, besteak beste. Horietan ditugu, hain zuzen ere, arazo nabarmenenak eta emaitzek berresten dute ez dagoela aldaketa-zantzurik. Gaur egungo ildo estrategikoak direla-eta (espezializazio adimentsua, negozio ereduaren berrikusketa, aktibo intangibleen hornidura eta garrantzia produktibitatean, ekoizpen, prozesu edota zerbitzuetan balio erantsia), badugu zertaz kezkatu.

Deigarria da, beraz, giza baliabideen sistema sendoa izan arren, eraginkortasun arazo ikaragarriak izatea. Hori da gure ahulgune nagusia; egiturazkoa eta iraunkorra. Paradoxikoki, ordea, gaur-gaurkoz merkatuan lehiatzeko gaitasuna badugu eta enpresak merkatu globalean tokia modu dibertsifikatuan egiten ari dira. Nolabait esateko, berrikuntzako emaitzetan ditugu arazoak, baliabideetan (inputak) eta merkatuan (inpaktua, edo berrikuntzako outputak ekonomiara eraldatzeko gaitasuna) sendoago ageri garen bitartean. Enpresetan eduki teknologiko ertain-altuan eta ezagutzan intentsiboak diren okupazioetan pertsona enplegatuak baditugun heinean, talentu hori kudeatzea aukerako estrategia da.

Hiru. Geure buruarekin alderatuta, 2019ko argazkian profil berritzaile hobexeagoa dugu. Posizioak bere horretan ezer gutxi diosku. Zentzugabekeria da, gainera, eskualdeak hurrenkeran ipini eta zerrendatzea. Baina bi sintoma kezkagarri egiazta daitezke. Bata da berritzaileenen taldean egoteari utzi diogula. Eskualde oso ezberdinek dute gurea baino portaera berritzaileagoa eta berrikuntzako indizean europar batez bestekoan atzera egiten dugu. Bestea da guretzat erreferentziazkoak diren eskualdeekiko aldea gure kaltetan etengabe handitzen ari dela; gure antzekoak eta alderagarriak diren eta ipar modura erabili ohi ditugun eskualdeek dinamika berritzaile oso sendoak dituzte. Bata eta bestea lehendik datozen joerak diren heinean, gaiak arduratu egin behar gintuzke.

Inbertsio publiko eta pribatuaren galerak baliteke arrastoa utzi izana. Kokapen geografikoak eta testuinguru administratiboak ere uste baino pisu handiagoa dute. Edozein kasutan, enpresen tamainak eta tipologiak gauza asko esplikatzen ditu; enpresen dinamismoan ikaragarrizko dualtasunak ditugu. Ikerketa zientifikoko emaitza oparoak ez du, gainera, enpresen berrikuntzan eta lehiakortasunean eragina, gaur oraindik ere. Beste arrazoi batzuk gure I+G politikei eta erakundeen arteko lotura ahulei, makinetan (soilik) inbertitu eta berritzeko joerei eta elkarlanerako kultura eskasiari lotuta daude.