Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
DONOSTIA
Surf

Euskalsurf Gazte Zirkuituko bigarren proba arrakastaz egin da Zurriolan

Lau txapelketek osatzen duten zirkuituko bigarren proba Donostiako Zurriola hondartzan egin zen larunbatean. Olatuak txikiak izan arren, 18 eta 14 urtez azpiko mailetako lehiakideak bikain aritu ziren.

Sike Martinez, Iker Trigueros, Nora Alvarez eta Diego Martin izan ziren larunbatean Zurriolan egin zuten Euskalsurf Gazte Zirkuituko bigarren probako txapeldunak. 18 eta 14 urtez azpiko kategorietako 52 neska-mutilek hartu zuten parte, eta, olatu txikiak izan arren, teknika ongi landuta dutela argi erakutsi zuten.

Eguzkiak lagundu zuen larunbatean Zurriolan, baina ez olatuek. Hala ere, gaztetxoenentzat olatu politak ziren, izan ere, pisu gutxi izateak asko laguntzen du olatu txikietan. Gainera, teknika apur bat izanda, olatuak modu egokian marraz daitezke. Horrela egin zuten Donostian Bizkaiko eta Gipuzkoako surflari gazteek, eta ikuskizun ederra eskaini zuten.

14 urtez azpikoak

Gaztetxoenen kategoria izan zen lehiakide gehien bildu zituena, bai nesken bai mutilen artean. Guztira 14 urtez azpiko 33 surflari itsasoratu ziren, 19 mutil eta 14 neska. Ohikoa izaten da surf txapelketetan neska gutxiagok parte hartzea, baina pixkanaka aldea gero eta txikiagoa da, batez ere belaunaldi gazteenetan. Eta maila ere, pixkanaka-pixkanaka, igotzen ari da.

Pasa den astean Zarautzen egin zen Euskalsurf Txapela Txiki lehiaketa berezian, 14 urtetik beherako nesken maila azpimarratu zuten epaileek eta Donostian ere horrela izan zen. Nora Alvarezek irabazi zuen 14 urtez azpiko nesken txapela, bere bi olatu hoberenekin 14,83 puntu eskuratuta. Bigarren postua, 11,4 punturekin, Laine F. Goenagarentzat izan zen. Hirugarrena, berriz, Enara Palaciosentzat izan zen, 9,67 punturekin. Eta laugarren postua, Felicitas Werthmanentzat. Gogoan izateko izenak dira, datozen urteetan behin eta berriz errepika baitaitezke.

Diego Martinek 13,00 puntu bildu zituen mutilen kategorian, eta txapela irabazi zuen. 10,20 punturekin, Peru Zuñigak, bigarren postua eskuratu zuen. Danel Lajasentzat izan zen hirugarren postua, 9,80 punturekin. Eta laugarren, Eneko Estebanez geratu zen, 7,70punturekin.

18 urtez azpikoak

18 urtez azpikoen kategorian 19 lagunek baino ez zuten parte hartu. Dozena bat mutilek eta zazpi neskek, hain zuzen ere. Edonola ere, formatua errespetatu egin zuten, eta, ahal zen neurrian, lau kideko txandak egiten saiatu ziren txapelketako antolatzaileak.

Sike Martinez izan zen nesken mailako txapelduna, bere bi olatu hoberenekin 13,90 puntu bildu ostean. Bigarren postuan, 9,50 punturekin, Carmen Garay geratu zen. Hirugarren postua 4,84 puntu eskuratu zituen Paula Nietorentzat izan zen. Eta laugarren postua, azkenik, Enara Zabalak eskuratu zuen, 3,43 punturekin.

Mutilen mailan Iker Trigueros izan zen txapelduna, 12,93 punturekin. Bigarren postua Julen Susperregirentzat izan zen; 10,30 puntu eskuratu zituen zarauztarrak. Hirugarren Markel Bizkarguenaga geratu zen, 9,66 punturekin. Eta laugarren postua Beñat Lopezentzat izan zen, 4,83 punturekin.

Zirkuitua eta rankinga

Lau txapelketek osatzen dute Euskalsurf Gazte Zirkuitua. Aurtengo lehenengo txapelketa maiatzeko azken asteburuan izan zen eta, irabazleak, Paula Nieto (18 urtez azpikoak), Bitor Garitaonandia (18 urtez azpikoak), Annette Gonzalez-Etxabarri (14 urtez azpikoak) eta Hans Odriozola (14 urtez azpikoak).

Pasa den asteburuan Donostian egin zutena, berriz, itzuliko bigarren proba izan zen. Horrenbestez, parte hartzaileak, lehiaketa bakoitzean lortutako puntuen arabera rankingean kokatzean hasiak dira.

Uda ostean izango da Euskalsurf Gazte Zirkuituko hirugarren proba, Lekeition, Karraspio hondartzan, iraileko azken asteburuan edo urriko lehenean (itsasoko baldintzen arabera). Eta horren ostean, azken proba ere Bizkaian egingo dute, Plentziako hondartzan, abenduko azken bi asteburuetako batean.

Honi buruzko guztia: Surf