Andres OSA «SAKONA»
HERRI KIROLAK

Lur gaineko sokatira finala jokatuko da 600 kilokoan, Getxon

Bihar, 17.30ean, Getxoko Fadura zelaian jokatuko da Euskal Herriko lur gaineko sokatira finala 600 kilokoan. Laukizko Gaztedi A taldea da jokatu diren bi jardunaldietan puntu gehien lortu duen taldea, 14 guztira. Errenta horrekin eta ligaxkan agertu duen nagusitasuna kontuan hartuta, urrezko dominak paparretik zintzilikatzeko faborito nagusia bera dela zalantzarik ez dago. Bigarrena Goiherri da, Erandioko taldeak 12 puntu ditu. Ondoren, Gaztedi B (10 puntu), Akelarre Erandiokoa (7 puntu), Mutriku ere (7 puntu), Getxo (4 puntu) eta Gaztedi C (2 puntu) daude.

Ekitaldiak sanferminetan

Herri-kirol ekitaldi ugari izango dira datozen egunetan sanferminetan, Foruen plazan, 12.00etan. Astelehenean hasiko dira, Nafarroako lehen mailako Arpana Txapelketarekin. Parte hartuko dutenak: Josetxo eta Iñaki Barberena, eta Adrian Berruezo eta Alberto Oteiza. Egin beharreko lana da 14 epai ematea etzanda jarritako kana-erdikoari, eta 4 epai zutik jarritako kana-erdikoari.

Segidan, emakumezkoen txanda izango da. Parte hartuko duten bikoteak Ainhoa eta Maria Iraizoz, eta Itxaso Onsalo eta Leire Astiazaran dira. Egin beharreko lana, 10 epai ematea etzanda jarritako 45 ontzakoari. Azkenik, trontza eta aizkora altueran erakustaldia eskainiko du Patxi Larretxeak.

Desafio berezia

Gaur, 18.00etan, Oletatik Amorotoko plazara igoera berezia egingo da (%6,7ko pendiza). Mendaroko bost mutilek eta hiru emakumek osaturiko taldea eta Amorotokoa neurtuko dira, 500 kiloko autoa tiraka nork azkarrago eraman.