2019/07/06

Juan Mari Aburto
Bilboko alkatea
Zorionak Labayru Fundazioari

Aurtengo uda honetan, 2019ko uztail honetan, betetzen dira 50 urte Derioko Udako Euskal Ikastaroa izenez ezagutu izan dena sortu zenetik.

1970eko uztailean apaltasun handiz sortu bazen ere, orduko Seminarioa zen egoitza zabal hartan, apurka-apurka hazten, indarra hartzen eta entzutea irabazten joan zen Derioko Ikastaroa, batez ere euskaldunen artean, horien artean bilbotar asko izan direla.

Euskaldunen artean diot, ze berbetaz euskaldun direnen ikaslekua izan da Derioko Ikastaroa bere ibilbide luzean: euskaldun osoak asko, eta erdizka euskaldun zirenak ere bai. Ikasle gazte eta helduen ikastaroa. Momentuko lanbidean, edo etorkizunekoan, euskaraz aritzeko gaitasuna behar zuen jendearentzat, batez ere.

Derioko Udako Ikastaroaren meritu handietariko bat, euskaldunentzat izatearen berezitasun hori izan da batez ere: euskaldun izanik, edo txikitako euskara makalik zuten ikasleei, beraien euskara hori lantzeko, hobetzeko eta indartzeko baliabideak ematea; horretarako metodologia propio bat garatu izana. Berbaz egiten dugunetik idatziz erabili beharreko era landurako urratsak egiteko ikasbide bat lantzea: “Dakigunetik ez dakigunera” lemaren bidez.

Bilboko Uriak Derioko Udako Ikastaroarekin eduki du eta badauka gaur ere lokarri eta zerikusi estua, euskararen aldeko ekimen hori dela-eta. Arrazoi historiko zaharra bata: Ikastaroa sortu zen denboran, eta hurrengo hamahiru urteetan, Derio Bilbori loturik egon zen. Geroagoko lotura, bigarrena: Labayru Ikastegia sortu zenean 1977an –gaurko Labayru Fundazioaren lehengo izena– Bilbon jarri zuen egoitza, eta Derioko Udako Ikastaroa haren babespean egin zen. Eta hirugarrena, gaur egungoa: Bilbon egiten da aspaldiko urte luzeetan Udako Euskal Ikastaroa.

Alkate lez, gogora ekarri nahi ditut 50. urteurren honetan hasierako eratzaile, irakasle eta ikasleak. Ander Manterola izan zen sortzaile eta eragile nagusia, eta Karmelo Etxenagusia eta Mikel Zarate, lehenengo irakasleak. Bizkai osotik etorri izan dira hara ikasle euskaldunak, horien artean bilbotar asko zeudela.

Euskarak ofizialtasuna irabazi zuen momentutik goraldi aipagarria ezagutu zuen Derioko Udako Ikastaroak; 80ko hamarkadan udaro 600-800 ikasle artean batzen ziren. Gizarte fenomeno esanguratsua bihurtu zen aldi horretan euskal ikaskuntzaren inguruan.

Han egin zituzten euskara-lantze hasikinak gerora gure gizartean eta administrazioan kargu eta ardura astunetan izan diren hainbat gizon eta emakumek.

Zor diogu, bada, Derioko Euskal Ikastaroari aitormena eta esker ona gaur erakunde arduretan gaudenok. Euskarak gure gaurko gizartean irabazi duen normaltasuna eta onarpena aurreko hamarkadetan egin den lan isil eta etenbakoaren emaitza dira, eta Derioko Udako Euskal Ikastaroa izan da horretan eragile agirietariko bat.

Bilboko alkate lez, lehena gogoan izanik etorkizunari begira lanean ekitea da gure ardura nagusia. Eta Labayru Fundazioak bere euskal ikastaroen bidez, udako eta negukoen bidez, diharduen lanari geure aupada eta babesa eskaini gura diot.

Orain 50 urte, orduko gizartean ziren premiei erantzuteko Derioko Ikastaroak erakutsi zuen adore eta zuhurtasun beraz, gaurko Labayru Fundazioak re beste hainbeste egin dezala, batez ere gure belaunaldi gazteak, bilbotar gazteak, euskaldun oso bihurtzeko ahaleginean. Eginkizun horretan Bilboko Udala bidelagun izango duzue.