2019/07/11

G7 EZ! plataformak «beste mundu bat sortzeko» egitaraua aurkeztu du

«Euskal Herritik beste mundu bat sortzen» lelopean, uztailaren 13tik abuztuaren 25era, ekimen eta mobilizazio andana antolatu du G7 EZ! plataformak, Estatu frantseseko Alternatives G7 taldearekin elkarlanean. 49 taldek osatzen duten plataformak bertako zein mundu mailako atxikimendu gehiago jasotzeko kanpaina abian jarri du.

Haritz LARRAÑAGA|IRUN
0711_eh_ficoba

Abuztuaren 24tik 26ra Biarritzen egingo den G7 gailurrak ordezkatzen duen ereduaren aurrean, «beste mundu bat posible» dela aldarrikatzeko egitarau oparoa aurkeztu zuten G7 EZ! eta Alternatives G7 plataformetako kideek Irungo Ficoba erakustazokan egin zuten prentsaurrekoan.

Plataforma osatzen duten 49 elkarte, sindikatu eta mugimendu politikoetako ordezkariek Euskal Herriko mugetatik harago doan atxikimendu kanpaina abiarazi dutela azaldu zuten eta emaitzak laster argitaratuko dituztela iragarri zuten.

«Kapitalismoa betikotu eta neoliberalismoan sakontzea helburu duen» G7 gailurrak, alternatiba berriak garatzeko aukera ere eskaintzen duela adierazi zuten G7 EZ! plataformako kideek, eta ezarri dituzten hiru helburu nagusiak azaldu zituzten: G7 gailurrak ordezkatzen duen kapitalismo ereduari ezetz esatea, mundu berri baten alde dagoen ahalik eta herritar gehien biltzea, eta bertako zein mundu mailako sustatzaileen arteko elkargune izatea.

Egitarau zabala

Datorren larunbatean, hilaren 13an, izango da G7aren kontrako lehen mobilizazio esanguratsua. Arratsaldeko 17.00etan abiatuko da manifestazioa Biarrizko Gare du Miditik eta, bertan, «beste mundu bat eraikitzea beharrezkoa eta premiazkoa» dela aldarrikatuko dute.

Bigarren mobilizazioa abuztuaren 19 eta 23 bitartean gauzatuko da Hendaia eta Irun artean. Eremu desberdinetan antolatuko dituzten ekimen anitzekin, «Alternatiben lurraldea» irudikatuko dute. Parte hartzaileen oinarrizko beharrak asetzeko (ura, elektrizitatea, lo egiteko lekua, eta abar) Bordaberryko eremua egokituko dute. Bertaratzeko garraio zerbitzu bereziak izango dira eta arratsetan animazioak ere izango dira.

Abuztuaren 21, 22, eta 23an, Irunen eta Hendaian ekimen desberdinak izango dira, hala nola hitzaldiak, ekitaldi kulturalak, merkatu sustatzaileak eta beste hainbat ekitaldi. Irungo Ficoba erakustazoka izango da erdigunea, baina horrez gain, Oiasso museoa edo Palmera Montero kulturgunea bezalako lekuetan ere izango da zer ikusi eta zer entzun.

«Munduko arkitektura garaikidea ulertu, borroka nagusien desafioak ezagutu eta eredu berrien inguruan hausnartzeko» antolatu dituzten ekitaldiek zazpi gai nagusi izango dituzte oinarrian: kapitalismoa, planetaren suntsiketa, feminismoa, kolonialismoa, demokrazia, inperialismoa eta errefuxiatuak.

G7 gailurra hasiko den egun berean, Pausutik eta Hendaiako hondartzatik abiatuko diren bi zutabek bat egingo dute Santiagoko zubian. Eta biharamunean, abuztuak 25, Angelu, Biarritz eta Baionan, desobedientzia zibil masiboaren bitartez zazpi «ortzadarren eremua» osatzeko deialdia luzatu dute.

Alternatives G7 plataformak Macronen politika gaitzetsi zuen

«Munduko zazpi piromano handienek osatzen dute G7» azpimarratu zuen Aurelie Trouvek, Estatu frantseseko Alternatives G7 plataformako bozeramaileak.

Macronen politikei «oposizio frontala» egingo dietela aditzera eman zuen Trouvek, bere iritziz, «gero eta politika neoliberalagoa eta zapaltzaileagoa» garatzen duelako.

Horregatik, Euskal Herrian burutuko diren «mobilizazio baketsu, baina aldi berean tinkoak», beharrezkoak direla nabarmendu zuen Trouvek. H.l.