2019/07/11

Loiuko aireportuko langileen greba egutegiak bere horretan jarraitzen du

Batzordeak eta patronalak izandako bileran ez da inolako akordiorik izan, sindikatuen arabera Aenak negoziatzeko aukerarik eskaini ez dielako. Uztail, abuztu eta irailerako aurreikusita zeuden greba deialdi guztiak indarrean daude. Hurrengoa igande honetan izango da.

Ane URKIRI ANSOLA|LOIU

DATOZEN GREBAK


Igandean egun osoko greba egingo dute, eta astelehenean, 18.00etatik gauerdiraino geldituko dira. Egutegia osatzeko, uztailaren 21, 24, 25, 28 eta 31n geratuko dira; abuztuan, hilaren 1, 4, 11, 14, 15, 18, 25 eta 31n; eta irailaren 1a da iragarritako azkena.

Loiuko aireportuko langileen batzordeak, bertako zuzendaritzak eta Aenako arduradunek negoziazio mahaia osatu zuten atzo, baina ez zuten inolako akordiorik lortu.

LAB sindikatuko ordezkari batek GARAri adierazi zion bileran ez zela «negoziatzeko asmorik» egon patronalaren aldetik. Hain zuzen ere, Aenak errespeturik gabe jokatu zuela kexatu ziren langileen ordezkariak. «Iruzurra izan da», adierazi zuen tinkotasunez sindikatu abertzaleko kideak.

Azaldu zuenez, larunbatean jasotako proposamena ez zen nahikoa izan, baina erakutsitako borondateagatik igandeko greba deialdia bertan behera utzi zuten. Itxaropentsu ziren horrekin batera irekitzen zen negoziazio mahaiagatik, «baina badirudi larunbateko proposamenetik harago ez dutela nahi negoziatu».

Langileen aldarrikapen nagusia lantaldea handitzea da, eta alde horretatik, Aenak zehazturiko kontu bakarra da «jada lanean dauden hiru langileen egoera egonkortzea eta beste bi behargin kontratatzea».

Era berean, kexatu ziren Madriletik «bidali» zuten arduradunak ez zuelako ezagutzarik Loiuko aireportuko beharrizanei buruz, ezta 2016an batzordeak osatu zuen aldarrikapenen zerrendari buruz ere.

Iganderako 24 orduko greba deialdia egin dute eta astelehenean, 18.00etatik gauerdiraino geldituko dira. Uztaileko hurrengo geldialdiak hilaren 21, 24, 25, 28 eta 31n gauzatuko dira.