Aitziber Pz. Karkamo
Kazetaria
AZKEN PUNTUA

«M», mendekuarena

Eta Mayarena. Susmatzen genuen gogo honekin itzuli behar zirela UPNkoak, are gehiago garai berrietarako hautatu dituzten bidelagunek mendeku grinari gehitu dioten karga kontuan harturik. Izan ere, mendekua da euren ustetan inoiz joan behar ez zutela uste dutenek darabiltena eta halaxe erakutsi zuten uztailaren 6ko txupinazoaren jaurtiketan. Sarri, edukiak bezainbesteko garrantzia dute formek, bereziki hauek sakontasunaren esanahirik argiena begi bistan uzten dutenean.

Udaletxearen balkoietan gertatutakoak ez dauka ikurrinaren balizko zilegitasunik ezarekin zerikusirik, ezta legediaren errespetuarekin ere. Jazotakoa aniztasunarekin, pluraltasunarekin eta herritarren borondatearekiko errespetuarekin lotuta dago. Alkatearen agindupean, herritar askoren ordezkari politikoak direnen aurka oldartu diren udaltzainen jarrera ez da uneko gertaera bat, politika egiteko modu baten adierazpena baizik, azken lau urteetan politika egiteko modu berria izan dena akabatzera datozenen eredu politikoa, alegia.

Udaletxea herritar denen instituzio gisa ulertu beharrean, euren eremu propio eta pribatu gisa erabiltzen dutenek euren erreinua lapurtu izan baliete bezala hartu dituzte azken lau urteak. Txupinazoa jaurti bezala aldaketak eztanda egin dezan ahaleginduko dira aurrerantzean, bortxaz, politika egiteko formak politika ereduaren isla direlako.