2019/07/12

Goierri-Urola Garaiko ospitalean 43 postu egonkortzea exijitu du LABek

43 lanpostu egonkortzea exijitzeko, gainera, prozesu judiziala abiatu du LABek. Sindikatuak Donostian duen egoitzan egin zuen dinamika honen aurkezpena, Osakidetzaren egitura ahultzen duten «lan pilaketak» eta «iruzurrezko» kontratuak gaitzesteko asmoz.

GARA|DONOSTIA
0712_eko_osakidetza

Goierri-Urola Garaiko ospitalean 43 lanpostu egiturazko lantaldean sartzea exijitzeko prozesu judiziala abiatuko duela iragarri zuen atzo LABek Donostian. Izan ere, Osakidetzaren beharrezko egitura ahultzen duten lan pilaketen eta horiei lotutako kontratuen aurkako salaketa jarri du sindikatuak.

Azaldu zutenez, duela bi hilabete aurkeztu zuten Osakidetzako 2018ko kontratazio txostena. Osasun zuzendaritzak azken urteetan abiatutako kontratazio politikak lantaldearen «infradimentsioa» ekarri duela egiaztatu du sindikatuak. Horiek horrela, behar bezalako neurriratzea lortzeko aurreneko prozesu judiziala abiatu dute, eta horren berri eman zuten atzo.

Lehen salaketa multzoan bildu dituzte Goierri-Urola Garaiko ESIan dauden «koderik gabeko» 43 postu ezkutu. Halere, guztira bertako 70 lanpostu aztertzen ari direla argitu zuten.

Lanpostu hauek kontratazio prekarioarekin betetzen direla baieztatu dute eta, batzuetan, hiru urte pasa baino lehen eteten dituztela, egituran sartu behar ez izateko. «Iruzurreko praktika hauen froga argiak ditugu», ohartarazi zuen LABek, eta Osakidetzako zuzendaritza jakinaren gainean dagoela ziurtatu zuen. «Ez badu bere erantzukizuna betetzen, bukaeraraino iritsiko gara», abisatu zuen.

Goierri-Urola Garaiko osasun zentroaren kasuan 43 lanpostu dira, baina Osakidetzan orotara 3.000 postu egituratu gabe daudela zehaztu zuten sindikatuak. «3.000 lanpostu hauek egonkortzea eta mugikortasun zein EPE prozesuetara ateratzea dira LABen lehentasunak», iragarri zuen.

Kontratazio txostena

Osakidetzaren 2018. urteko kontratazio politikak ikertuta, txosten bat osatu zuen LABek, eta bertan azaleratzen diren ondorioak «benetan kezkagarriak» direlakoan dago: 26.000 langileko egiturazko lantaldean ezkutuan dauden 3.000 lanpostu falta dira eta behin-behinekotasuna %35etik gorakoa da, eta sindikatuak ondorioztatu zuenez, «langileen prekarizazio jasangaitza eta erabiltzaileek merezi duten kalitatezko arretaren galera islatzen du».

«Argi dago Euskal Osasun Publikoari ezarritako politika neoliberalak zer ondorio dituen: osasun egituraren murrizketa, arretaren kalitatearen galera, kanporatze politikak hauspotzea, iruzurra indartzea eta mediku kategoria jakin batzuetako sarrera baldintzatzeko zerbitzuburuek duten ahalmena», esan zuen. Gaineratu zuen lantaldea neurriratua egongo balitz, ez legokeela zerbitzu pribatuetara desbideratzeko beharrik.

3.000 LANPOSTU


2018ko Osakidetzaren kontratazio politika ikertu zuen LABek, eta bertan ondorioztatzen da, Osakidetzan 3.000 lanpostu «ezkutu» daudela; hau da, lantaldean egituratu gabe.