GARA
DONOSTIA

Gipuzkoako egoitzetan greba egun gehiago iragarriko ditu ELAk irailean

Gipuzkoako adinekoen egoitzetan ELAk iragarritako greba egutegiaren azken txanda atzo amaitu zen. 88. greba eguna izan zen eta Donostiako kaleetan manifestatu ziren langileak. Foru Aldundiaren arduragabekeriaz kexatzen jarraitzen du gehiengoa duen sindikatuak.

Donostiako kaleetan barrena mobilizatu ziren Gipuzkoako zahar egoitzetako langileak. ELAk iragarritako manifestazioa izan zen, eta atzokoarekin, guztira, 88 greba egun gauzatu dituzte behargin hauek.

ELAk gehiengodun ordezkaritza dauka sektorean, eta patronalarekin akordio bat itxi zuen negoziazio mahaitik kanpo. Mahaia, hain zuzen, atzo bildu zen Donostiako Lan Harremanen Kontseiluan; gainerako sindikatuek eta patronalek osatu zuten bilera. Horren jakitun, ELAk deitutako manifestazioa ate parean geratu zen. Sindikatuaren ustez, bilera hori egitea «errespetua galtzea» izan zen.

Atzoko protestaren ondotik ateratako notizia, baina, irailetik aurrera greba egun gehiago iragarriko dituztela izan zen. Abuztuan geldialditxoa egingo dute mobilizazioei dagokienez, baina irailetik aurrera ez dute «baztertzen greba mugagabea ere». Hala jakinarazi zuen sektoreko ELAko ordezkari Txomin Lasak.

Egoera «gero eta larriagoa» dela azaldu zuen Lasak, baina datozen bi asteetan zehatzago aztertuko dute. Azterketa horretatik abiatuko dira grebaren egutegia antolatzerako orduan.

Foru Aldundiaren arduragabekeriaz kexatu zen ELAko ordezkaria: «Arduragabekeriaz jokatu du gatazka hasi zenetik». Hala, egoiliarrentzat ohe gehiago jarriko dituztela iragarri beharrean, langileen baldintzak hobetzeaz arduratu beharko litzatekeela ohartarazi zion sindikatuak administrazioari.