Ane URKIRI ANSOLA
BILBO

Correosen murrizketak proposatu ditu AIReF-k

Zerga Erantzukizuneko Agintaritza Independenteak (AIReF) Correos zerbitzu publikoari buruz egin duen txostenean proposatzen dituen neurriei «erabateko ezezkoarekin» erantzun die CCOOk. AIReF erakundeak ondorioztatu du Correos «defizitarioa» dela eta hortaz, bulego batzuk itxi behar direla, baita postu zerbitzuaren eskaintza batzuk deuseztatu ere. Sindikatuaren arabera, txostenean «irakurketa okerra» egiten da eta hainbat kontraesan daude.

Zerga Erantzukizuneko Agintaritza Independenteak (AIReF, gaztelaniazko siglekin) Correosi buruzko txosten bat osatu zuen, eta bertan ondorioztatu zuen zerbitzua «defizitarioa» dela. Hori konpontzeko asmoz proposatzen dituen errezetaren «osagai» nagusiak dira Estatu espainoleko posta zerbitzuaren eskaintza batzuk kentzea, posta trukea eta banaketa sistema aldatzea, bulego batzuk ixtea eta langileak kaleratzea.

Horren jakitun izanda, Correosen eta posta zerbitzuan gehiengoa duen CCOO sindikatuak erabateko «ezezkoa» eman die proposamen horiei, «letalak» direlakoan, bai behintzat «milioika biztanle, enpresa eta administraziori eraginkortasunez eskaintzen zaion zerbitzu publiko batentzat».

Gainera AIReFk txostenean erabilitako argudioak kontraesankorrak iruditu zaizkio sindikatuari. Hiru adibide eskaintzen ditu, eta horietariko bat da erakunde horrek Australia edo Kanada bezalako herrialdeetako zerbitzuekin alderatzen duela Correos; ez du zehazten, ordea, herrialde horietan posta zerbitzu osoa publikoa dela, «eta Espainian lehia pribatua duela hamarkada asko» sartu zelako merkatuan.

Finantziazioari buruz eginiko alderaketa ere ez zaio egokia iruditzen CCOOri, eta ohartarazi zuen bertan ez dela aipatzen Estatu espainoleko zerbitzua dela finantzaketa publiko murritzena jasotzen duena Europar Batasuneko herrialdeetakoen artean. Sindikatuak uste du AIReFren proposamena posta zerbitzu publikoaren aurka doala, eta bat egiten duela Europar Batasunak, Merkatuen eta Lehiaren Espainiako Batzordeak (CNMC), alderdi politiko batzuek eta patronalak dituzten asmoekin.

Irisgarritasuna

Euskadiko CCOOko kide den Garbiñe Ordeñanak ideia parekoak helarazi zizkion GARAri. Honek, baina, kasua Bizkaira ekarri nahi izan du, eta azaldu duenez, azken hamabost urteetan bulegoen herenak itxi dituzte lurraldean.

Gogorarazi zuen, Correosek, posta zerbitzu publikoa betetzen duen heinean, betebehartzat duela biztanle ororengana iristea. Irisgarritasuna da zerbitzu honen funtsa, eta, Ordeñanaren esanetan, ez da «bidezkoa herritar batzuek bi edo hiru egunean behin jasotzea gure zerbitzua».

Bilbon hamabost bulego dituztela zehaztu zuen. Halere, ekainaren 1ean neurri berriak ezartzeko prozesua hasi zela azaldu zuen, hamasei sekzio deuseztatzeko asmoz. Horrek gainerako langileei ekar diezaiekeen lan kargaz ohartarazi du. Udan, ohituta daude oporretan dauden lankideen lana norbaitek betetzera, baina hamasei sekzioren desagerpenak hori neurriz kanpo areagotuko lukeela uste du: «Ezin dugu onartu».

Estatu frantseseko, Italiako edo Alemaniako zerbitzuei erreparatuta, argitu du Estatu espainolean postari bat dagoela 2.500 biztanleko, eta herrialde horietako ratioa, aldiz, postari bat 300-400 biztanleko dela.

Dena den, gogoratu behar da La Poste zerbitzuarekin gertatzen ari dena. Martxoan, Maite Ubiriaren eskutik GARAn argitaratu zen bezala, Hendaian bulego bat itxi zuten eta Alduden hori ekiditeko borrokan ari ziren bizilagunak.

Eskutitz, faktura edo isunen banaketa «defizitarioa» dela onartu zuen Ordañanak eta beharrizan horiek bete ahal izateko –«betebeharra dagoelako»–, finantzaketa publikoa behar dela defendatu zuen.