GARA
Futbola

Eibarrek Quique Gonzalez aurrelaria fitxatu du bost denboraldirako

Quique Gonzalez fitxatu du Eibarrek. Aurrelaria da, 29 urte ditu eta Deportivotik dator, Edu Exposito bezalaxe. Hori bai, Eibarrek bere klausuletako bat ordaindu behar izan du Coruñatik irten ahal izateko, eta bost denboraldirako kontratua sinatu du gipuzkoarrekin, 2024ko ekainaren 30era arte.

Quique Gonzalez 1990eko maiatzaren 16an jaio zen Valladoliden, eta denboraldi bikaina burutu du Galiziako taldean. Izan ere, 17 gol egin eta bi asistentzia eman ditu jokatu dituen 39 partidetan.

Deportivoz gain, Osasuna, Almeria, Racing, Guadalajara, Valladolid Promesas eta Logroñes taldeetan aritutakoa da Quique, eta Bigarren Mailan eskarmentu handiko jokalaria: 184 neurketa jokatu ditu. Lehen Mailan debuta egitea zer den ere badaki, 14/15 denboraldian Almeriarekin hiru norgehiagoka jokatu baitzituen.

Erasoko lerroak osatu ditu printzipioz Eibarrek.