Jon GARMENDIA
Idazlea

Heliopausa

Sortu nintzen baserrian pikondo eder bat zegoen; bueno, oraindik han dago, baina urteak dira haren magalera joaten ez naizena. Lasaitasun eskean, zaratatik urrun, pikondo hartan errefuxiatzen nintzen sarri; nik nehor eta nehork ni ikusteko gogorik ez neukanean, haren adarrartean hartzen nuen babes. Barneko zauriak orbaintzeko sendaleku paregabea zen hura, ekaitz-ondoko barealdia zer den ezagutzeko gune aproposa. Mihise pean, ohe azpian edo logela ilun bilakatutako bakardadean, intimitate momentuak lortu izan ditut gerora, nehork molestatuko ez nauen inguruneen xerka beti. Eta uste dut bakoitzak baduela bere sancta sanctorum, hots bakarrizketan jarduteko leku sakratu bat, lurraren luze-zabalean behintzat. Astronomiaz dezente dakien lagun bati galdetu nion halakorik ba ote zen lurraren atmosferatik kanpo, galaxiaren puntu urrunetan, eta berak baietz, isolatua senti zaitezkeen tokia heliopausa dela erantzun zidan. Zirkulu formako muga teorikoa, eguzkiaren eraginaren muga adierazten duena, eguzki haizea beste izar batzuetatik datorren eguzki haizearekin elkartzen den lekua. Etxean ur kanila ireki eta beherean sortzen duen hutsunea ikusita erraz ulertuko nuela erran zidan. Udak gure bizitzan heliopausa bat egiten duela pentsatu dut, eguneroko orbitatik atera eta izarretan galduko bagintu bezala. Eskerrak lurra beti izango dugun zain.