GARA
GASTEIZ

EHUko ikasleen %85ek ikasketei loturiko lana dute, graduatu eta hiru urtera

EHUko ikasleen laneratzeari buruzko azken inkestaren arabera, %85ek beren prestakuntza akademikoarekin lotutako enplegua dute (lanbide-gaikuntzari dagokion enplegua), titulazioa eskuratu eta hiru urtera. Eta lau ikasletik hiruk aldi berean graduko ikasketetara erabat egokitzen den enplegua aurkitu dute.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabal eta EHUko errektore Nekane Balluerka Lanbidek eginiko inkestaren emaitzak eman zituzten atzo goizean.

Datu horien arabera, EHUko 2015eko promozioko %87k enplegua aurkitu zuten, 6.000 pertsona inguruk. Beste %7k jarraitzen zuten lan-merkatuan lanbide-irteera bilatzen, eta gainerako %6a graduondoa edo beste karrera bat egiten ari zen inkesta egin zieten unean.

Langabezia-tasa %8koa izanik, 2015eko promozioaren tasa 2014koa baino %3,6 puntu txikiagoa izan da, eta 2013koa baino %16 murritzagoa. «Baiezta dezakegu unibertsitateko laneratzeak krisiaren aurreko aldiaren antzeko langabezia-tasak dituela», adierazi du Artolazabalek.

2018 amaierarako lana zuten horietatik %20k astean 20,5 orduko lanaldi murriztua zuen; %27k, emakumeen kasuan.