Idoia ERASO
BAIONA
Elkarrizketa
GILLOM IRIGOYEN
IDAZLEA ETA KAZETARIA

«Mundu zaharra desegiten ari zen, guk mundu berrian sinesten genuen»

Ainhize-Monjolosen sortua, Ipar Euskal Herrian eta bereziki Nafarroa Beherean herri antzerkiak izan zuen loraldian parte hartu zuen. 1984 eta 1990 artean Hiruak Bat Bi taldeak egin zituen sei antzezlanen idazlea izan zen, eta orain denak bilduz liburua argitaratu du Gillom Irigoyenek Maiatz argitaletxearekin, beste bi obra ere gehituz. Ipar Euskal Herriko berriak ematen ditu Euskal Telebistan.

Maiatz argitaletxeak XX. mendearen bigarren erdialdean «antzerkiaren sehaska nagusi» izan zen Nafarroa Behereko antzezlanak biltzeari ekin dio. Bildumako lehen liburuan, “Garazin antzerki 1”-en, Gillom Irigoyenek 1984 eta 1996 artean idatzi zituen zazpi antzezlan eta tobera bat topatuko ditugu.

Liburuan agertzen diren obra gehienak Hiruak Bat Bi taldearen baitan idatzi zenituenak dira. Nola sortu zen taldea eta zein lan eraman zuen?

Guk bagenuen herentzia, aurreko belaunaldiek egin zuten Hiruak Bat taldearena. Jean Pierra Peyrouteten apezak sortu zuen hiru herri elkartuz, Lakarra, Ainhize-Monjolose eta Gamarte. Taldeak zazpi antzerki egin zituen Piarres Larzabal, Telesfono Monzon eta Daniel Landarten lanekin batez ere. Biper Beltz antzerki talde abertzalea bilakatu zen gero.

Ni oso gaztea nintzen orduan, behin ibili nintzen biltzar batean, eta orduan antzerki aldarrikatzailea egiten zen, abertzalea: diskurtsoak bazuen tokia. Ber denboran Ainhize-Monjoloseko festa komiteak sortu zuen irri festa, bilakatu zena irri gaua, eta ni ere sartu nintzen horretan. Aski berezia zen, beste herriekin bagenuen irri egiteko tirabira eta horrek handitu zuen anitz gure antzerkia egiteko nahia. Orduan guk bildu genituen bi izpiritu horiekin sortu genuen Hiruak Bat Bi.

XX. mendeko lanak dira; zerbait ikas daiteke gaur egun obra horietatik?

Beharbada, orduko giroaren berri har daiteke. Zinez ematen du beste mundu bateko une batekoak direla antzerki horiek. Erakusten dute ere Iparraldeak bizi izan zuen momentu bat; mundu zaharra desegiten ari zen, eta zenbaitzuek mundu berri batean sinesten genuen, Euskal Herrian. Alde batetik, nola eramaten genuen bide hori obratzera, pasatzen ginen ideia hori partekatuz, garatuz eta lanean arituz kultura horren inguruan.

Bestetik ere erakuts dezake nola orduan nornahi zernahiri lotzen zitzaion orain baino errazago. Orain badirudi kantaria izan behar zarela kantatzeko, idazlea idazteko… orduan hain gutxi ziren euskal kulturan sinesten zutenak, ezen ausartze bat izan baitzen, eta horren parte egiten du honek.

Historiaren parte baten testigantza dela esan daiteke?

Guk bizi izan dugunarena bai. Beste mila alde daude kontatzeko, agian interesgarriagoak, baina hori ere izan da. Izan da momentu bat non guk absurdoa, irria landu dugun, eta orduan ez zen halakorik antzerkian. Lehengoena baliatu baina gure mundura egokitzen genuen, txertatu genuen ere frantses komikien ausardia umore aldetik, umore beltza eta absurdoa lantzen zuena. Hori ez zen hain hedatua orduan. Egin genuen pentsatzen genuelako lotzen ahal zela abertzale ikuspegitik.

Herriarekin eta herriarentzat eginak direla diozu.

Orduan ez ginen ari antzerkia egiten antzerkizaleentzat. Orain antzerki bat ateratzen delarik antzerkizaleentzat egiten dela iruditzen zait. Guk pentsatzen genuen bagenuela misio bat –irri eginez erraten dut hori–, herritarrak gure antzerkiak ikustera etorraraztea, pentsatuz horrekin euskararen aberastasuna eta gure munduaren ikusmoldea partekatuko zutela.

Beste gauza bat ere inportantea zen guretzat; euskaratik eta euskaraz egitea. Maialen Lujanbiok ere atera du kontzeptu hori ondotik. Gure izpirituan hori bazen. Gure belaunaldia ez da pasatu ikastoletatik, ez du euskararen hezkuntzarik izan, ez gara alfabetatuak, etxean jaso dugu euskara, eta aberastu dugu, atxiki eta gutaratu. Antzerkia euskara atxikitzeko eta aberasteko molde bat zen.

Gu aipatzen duzu, baina obra horien idazlea zu zara.

Bai, nik idazten nuen. Bazen talde bat aski trinkoa, ez dut erranen lantzen genuela elkarrekin, baina bazen horrelako elkarlana testuari buruz. Ni taldeko beste bat nintzen, ez zen idazlerik.

Gai amankomunik ba al dute liburuko antzezlanek?

Aipatzen du laborantza, turismoa eta Euskal Herriko gaiak. Laburbiltzeko orduko egoera dela erran nezake.

«Deabruaren boketak» tobera ere bada liburuan.

1988an Eiheralarre eta Ezterenzubiko gazte abertzaleak bildu ziren eta nahi izan zuten Tobera batzuk sortu, eta ideia batzuk eman zizkidaten. Tobera da auzi bat herriko plazan iragaten dena, herriko gorabeherak epaituz gazteen artean, euskaraz.

Garai horretako historiaren parte batez gain, euskararen bitartez ere Nafarroa Beherera bidaiatzen ahal da.

Bai, eta Baxenabarreko izpiritu batena ere, kitzikatze eta umorearen bitartekoa. Ni erakarri banau zerbaitek antzerkira, idaztera, izan da etxean ezagutu dudan ‘arraineria’ deitzen diogun hori. Izugarri presente zen, horrek erakarri nau antzerkira, eta hor azaltzen da ere.

«Andere Serora Hiriburun» pastorala idatzi zenuen, iaz antzeztu zena. Ezberdintasunik bada garai bateko eta oraingo obren izpirituan?

Ez da ezberdintasun handirik. Oroitu behar da pastorala Patxi Iriartekin idatzi genuela, eta izan ditugun diskurtsoetan bertso indartsuak idaztea izan da gure nahia aldi oro, eta bistan dena, umorea eta distantzia ezarriz, nahiz eta pastoralean orokorrean tonua ez den hori, pastoralaren tonua seriosa, hunkigarria baita. Beharbada urte askoz gehiagorekin, gehiago ikasi dela, eta horrek beharbada gauza borobilagoa eskaintzen lagundu digula.

Hiriburun pastoral bat egitea herriarentzat bere euskaltasuna markatzen duen zedarri bat da. Herrian badira bizpahiru belaunaldi uste dutenak bertan ez dela nehoiz euskara mintzatu. Pastoralak historia agertzen du, eta horrek argiki erakusten du euskara mintzo zela Hiriburun, Iparralde guztian bezala. Eten bat izan da momentu batean, eta pastoralak euskaltasunaren marka ezartzen du. Ni horrek eraman nau gehienbat pastorala idaztera, erronka horren zerbitzuko.