GARA
EIBAR

Aldundia Egogain erabat pribatizatzen ari dela salatu dute sindikatuek

Kudeaketa publikoa duen Gipuzkoako azken egoitza da Egogain; mendekotasun egoeran dauden pertsonak zaintzen ditu. LABek, ELAk eta CCOOk esan zutenez, Aldundiak “Pertsona helburu” leloarekin hedabideak «propagandarekin josten» dituen bitartean, «lanpostu piloa deuseztatzeaz gain, guztiona den zerbitzua enpresa pribatuen esku uzten ari da, azkenaldian inoiz baino gehiago»: garbitzaileak, “zaintzaile” izendatzen dituzten erizain laguntzaileak, erizainak, mantentze-langileak, terapiako monitoreak, botika prestatzaileak, pertsonen garraioaz arduratzen direnak, eta abar.

Hiru sindikatuok salaketa oharra kaleratu zuten, EAJ eta PSE azken agintaldietan Egogain nagusien egoitzarekin egiten ari direna salatzeko.

Foru instituzioak onartu ez arren, azpikontratazioek zaurgarritasun egoera handienean dauden pertsonei (helduak eta buru-gaixotasunak dituztenak kasu) ematen zaien arretaren kalitatea kaltetzen dutela diote, «enpresa horiek ez baitiete beraien poltsikoei baino begiratzen».

Aldundiaren salaketa

Berriki Aldundiak Zaintzen enpresa salatu du, hiru egunez ez zuelako senideei agindu zien gaueko erizainaren lanpostua bete. «Erizain lanpostu publikoa kendu zuten, erizaina gauera pasatuko zuten aitzakiarekin, txanda bakoitzean erizain bakarra utziz 166 erabiltzaile artatzeko. Lanpostua amortizatu, azpikontratako beste bat sartzeko; hori izan da Aldundiaren jokabidea».

Diotenez, ez da egoera bakana: «Buruko gaixotasunen unitatean ere lehenengoz Zaintzen enpresako langileak sartu ditu Aldundiak, Florentino Perezen kontu korrontearen mesedetan».