Manex ALTUNA
BILBO

BBK Liveko «lan esplotazioa» Last Tourri eta Bilboko Udalari egotzi die Eraginek

Orduko 5 eurotik beherako soldatak, 3,5 euro kasu batzuetan, 15 orduko lanegunak atsedenik gabe, bi mortadela zatiko ogitartekoak bazkaltzeko... Horietxek dira BBK Liveko langileen baldintza batzuk, Eraginek agertu duenez. 110.000 lagunek baino gehiagok jaialdiaz gozatzen zuten bitartean, «haserrea» orokorra izan da langileen artean.

Eraginek Last Tourri eta Bilboko Udalari leporatu zien joan den asteburuan Kobetamendin izandako BBK Live jaialdiko «lan esplotazioa». Orduko 5 eurotik beherako soldatak, batzuetan 3,5 euro eskasekoak, atseden hartzeko eskubiderik gabeko 15 orduko lanegun luzeak... Baldintza horietan aritu ziren langileak, Bilboko gazte prekarioen asanbladak atzo eman zuen prentsaurrekoan jakinarazi zuenez.

Hika Ateneon egin zuen asanbladak agerraldia, azken egunetan jaso dituen langileen salaketak plazaratzeko helburuarekin. Leire Urrutia, Unai Sainz eta Mikel Alvarez bozeramaileek adierazi zutenez, 110.000 pertsonak baino gehiagok musika jaialdiaz disfrutatzen zuten bitartean, «haserrea eta atsekabea» izan ziren nagusi bertako langileen artean.

Asko, kontraturik gabe

BBK Livek 9 milioi euroko aurrekontua du eta Bilboko Udalak 1,4 milioi euroko dirulaguntza ematen dio. Last Tour sustatzaileak antolatzen du musika jaialdia, eta, salaketak iritsi zitzaizkionean, azpikontratatutako enpresei leporatu zien lan baldintza horien gaineko erantzukizuna. «Lan batzuk sustatzaile gisa dugun arduratik kanpo gelditzen dira; hirugarren batzuek egiten dituzte, azpikontratatuta, azpikontratazio horren betebeharrak betez». Hitz horiekin defendatu zuen Last Tourrek bere burua ohar batean.

Baina Eraginek argi du «prekarizazioaren» eta «esplotazioaren» ardura Last Tourrena eta EAJk eta PSEk gobernatzen duten Bilboko Udalarena dela.

Eraginek jaso dituen salaketetan agertzen denez, 5 euro baino gutxiago irabazi dute langileek orduko; batzuek 3,5 euro besterik ez. «15 orduko lanegunak izan dituzte, atseden hartzeko eskubiderik gabe», nabarmendu zuen asanbladak. Gaineratu zuenez, sarritan ez zuten lan kontraturik ere eta, ikuskatzaileak azalduz gero, «gezurra esatera behartzen zituzten». Aipatu zutenez, langileak jaialdiaren barrutian bertan gelditzen ziren lotan eta bazkaritan bi mortadela zatiko ogitartekoak besterik ez zizkieten ematen jateko.

Bilboko gazte prekarioen asanbladako kideek oroitu zuten salaketa kanpaina hasi zutenean Last Tour sustatzaileak mehatxu egin ziela auzitara joko zuela esanez, bere «izena zikintzeagatik». Hala ere, mehatxu horrek bestelako erreakzioa ekarri zuen: jaialdian lan egin zuten pertsona gehiago jarri ziren Eraginekin harremanetan beren testigantzak emateko eta sufritutako lan eskubideen urraketak gaitzesteko.