GARA
BILBO

Pentsiodunen iritziz, euskal BGAEek desberdintasun soziala handitzen dute

Pentsiodunen Estatu espainoleko koordinakundea EH Bildurekin batu zen atzo. 1.080 euroko pentsio minimoa, KPIaren araberako igoera eta 2011 eta 2013ko lan erreformak deuseztatzeko aldarrikatzeaz gain, borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundeekin (BGAE) kezkatuta agertu zen, horiek «errenta altuen mesederako direlako».

Pentsioen sistema publikoaren defentsarako estatuko koordinakundea EH Bildurekin elkartu zen Bilbon atzo. Bileran ohartarazi zion “borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundeak” (BGAE) –alegia, pentsio osagarri pribatuak– «finantza-produktua» direla eta «desberdintasun sozialak areagotzen dituztela, errenta altuentzako mesederako sortuak baitira».

BGAEen eskaintza gero eta gehiago daudelako ere kezkatuta agertu ziren koalizioarekin izandako bileran. Madrilgo Kongresuko EH Bilduko diputatu Mertxe Aizpurua, Oskar Matute eta Iñaki Ruiz de Pinedo izan ziren batzarrean beren babesa erakusteko asmoz.

Estatu espainoleko koordinakunde hau alderdi politikoekin bilerak egiten ari da egunotan, horiei pentsio sistema publikoaren inguruko aldarrikapenak helarazteko eta, era berean, alderdi bakoitzaren asmoak ezagutzeko. Hala azaldu zuen bileraren aurretik Conchita Rivera bozeramaileak.

Hala, gizarte aurreikuspeneko erakundeen funtzionamenduarekin kexu agertu ziren pentsiodunak, desberdintasun sozialak areagotzeaz gain, zerga-arintzea dakarrelako, «ogasunek gastu sozialerako bideratzen dituzten baliabideak erabat baldintzatuz».

BGAEak duela 30 urte jarri ziren indarrean eta 2018an 1.143.000 bazkide zituzten, eta batuta ondasuna 24.854 milioi eurokoa zen.

Lakuako aurrekontuen negoziazioaren inguruan ere ezinegona dutela onartu zuen antolakunde espainolak, diru-sarrerak bermatzeko errentan (DSBE) egon daitezkeen hutsuneengatik. «Ados gaude pentsio txikienak beste pentsio osagarri batekin indartzea, beti ere lege batean oinarrituz eta RGIaren aurrekontuan murrizketarik ez badakar», nabarmendu zuen Rivera bozeramaileak.

«Borroka eredugarria»

EH Bilduren aldetik errespetuzko mezuak entzun zituzten, beraien ustez, pentsiodunen borroka «eredugarria» baita. Mertxe Aizpuruak hedabideei azaldu zienez, alderdiaren «babes osoa» dute erretiratuen aldarrikapenek. Horien artean da, esaterako, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa. Hurrengo hilabeteetan egingo dituzten mobilizazio guztiak babestuko dituztela ere esan zieten.

Bide beretik, Conchita Rivera koordinakundeko bozeramaileak nabarmendu zuen pentsiodunen mugimenduak kalera irteten jarraituko duela «beharra dagoen aldiro», beraien aldarrikapenak errealitate bihurtu arte, alegia.

Madrilgo Gobernua alderdi politiko bakarrak osatzea pentsio sistema publikoarentzat «arriskutsua» izan daitekeela adierazi zuten pentsiodunek zein EH Bilduko kideek. Europar Parlamentuak onarturiko pentsio pribatuen programak «banku eta aseguratzaileen mesedetan eta pentsio publikoen kaltetan» direla ere bat etorri ziren bi aldeak.