Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Iraganaz

Iraganarekiko erantzukizunez jokatzeak esan nahi du geure herriaren historia azaltzeko orduan kontuan izan behar ditugula euskal jatorriko pertsonen ekintzek besteengan izan duten eragina aztertzea, onerako zein txarrerako. Hots, kontua ez da Lope Agirre bezalako norbait euskal historiatik kanporatzea, baizik eta ikuspuntu kritiko batetik jorratzea haien ekintzak: loriatsuak izan zirela esan aurretik kontuan hartu behar dugu zein testuingurutan gauzatu ziren, noren interesak errepresentatzen duen euskal etiketa daraman oro “loriatsu” kontsideratzeko joera, hau da, agenda ezkuturik ote dagoen kolonizazio prozesuetan parte hartutakoak ohoragarri kontsideratu nahi izate horretan (euskaldunen handitasuna aldarrikatu nahi izatea kontrakoa aldarrikatzen dutenen aurrean, esaterako), gertaeren konplexutasuna behar bezala aztertzea eragozten diguna (euskalduntasunaren handitasuna frogatze aldera prest gaude kolonizatzaile baten sarraskiak ahazteko? Nola ezkondu euskaldunek 1960ko hamarkadatik aurrera herri indigenekiko agertu duten elkarlanerako konpromisoa Lope Agirre santu patroi bihurtzeko ahaleginarekin?). “La bête et le souverain” seminario sortan Jacques Derridak gogorarazten digunez, norberaren askatasuna unibertsalizatzeko joera izaten dugu, kontuan izan gabe litekeena dela askatasun horretara iristeko besteren jazarpena eragin izana. Europaren kasua, salbuespena baino araua genuke, kolonialismotik heldu baitzitzaizkigun gaur egun gozatzen ditugun hainbat eskubide eta ondasun.