Haritz LARRAÑAGA
LUHUSO

«Orain Presoak Tour», Luhuso eta Gernika lotuko dituen itzulia, abian da

Luhuson hasi eta Zarautzen amaitu zen Sarek eta Bagoazek bigarren urtez antolatu duten bizikleta martxako lehen etapa. «Elkarbizitzaren eta bakearen aldeko ikur diren bi herri» lotu nahi dituzte antolatzaileek.

Ondoko ukuilu batean gaua pasa zuten bi oriotar izan ziren Luhusoko plazara bizikletekin iristen lehenak. «Xua gurasoekin etxera» zioten banderak bizikletan itsatsita prest ziren. Hurrengoa Aitor izan zen, 29 urteko iruindarra, eta jarraian, autobusean gerturatu ziren parte hartzaileak iristen hasi ziren.

Burlata, Bergara eta Ondarroako txirrindulari beteranoak iritsi ziren, 66, 62 eta 64 urtekoak. Iaz ere martxa egin zuten Alberto, Iñigo eta Julianek parte hartzeko arrazoi bera azpimarratu zuten: «Presoak lehenbailehen askatzeko».

Goizeko 5.30ean Durangon trena hartu eta Donostiara abiatzeko jaiki zen Ainhoak (23 urte) ere iaz parte hartu zuen. Haritz Alberdi Getariako alkatea ere bi lagunekin gerturatu zen «presoen alde izerdi pixka bat botatzera», eta horrela, pixkanaka Luhusoko plaza beren bizikletak prestatu eta elkarri eguzkitik babesteko krema ematen zioten txirrindulariz bete zen.

Goizeko hamarretan bakegileen esku zuria zuten peto urdinak jantzita, 50 txirrindularik prentsaurrekoa eskaini zuten. «Iaz Mont-de-Marsan eta Zaballa lotu genituen, presoen gerturatzea gauzatzen ari den espetxe bat eta bide bera jarraitu beharko lukeen espetxe bat lotzeko», azaldu zuen Inaxio Oiarzabalek.

Sareko bozeramaileak nabarmendu zuenez, «aurten Luhuso eta Gernika hautatu ditugu, elkarbizitzaren eta bakearen alde gizarteak elkarrekin lan egin dezakeela erakusten duten bi erreferente baitira».

Jarraian, Jean-Noël Etxeberri Txetx bake artisauak hartu zuen hitza. «Norabide onean doazen albisteak izan arren, kontrako norabidean doazen berriak ere badira», salatu zuen. Adibide gisara, 29 urte preso daraman Xistorri baldintzapeko askatasuna ukatu izana, edo Urrutikoetxearen atxiloketa aipatu zituen.

Luhuso-Irun-Zarautz

«Euskal Presoak Etxera!» oihukatuz abiatu zen martxa. Irunen bazkaldu zuten, eta errepidera atera zirenean txirrindulari taldea bikoiztu egin zen. Arratsaldeko bostak aldera zeharkatu zuten Donostia, eta handik, Usurbilerako bidea hartu zuten.

Orio gainetik maldan behera iritsi zen martxa Zarautza, eta udaletxe aurrean ekitaldia egin zuten. Indarrak hartzeko, Arrano kultur elkartean afaria izan zuten.