2019/07/20

HASIER ARRAIZ
IRAKASLE ETA IDAZLEA

Gasteiz (1973), duela hiru urte arte euskal politikaren lehen lerroan aritutakoa, egun, irakasle dabil Altsasun. «Maitasun keinu bat besterik ez» saiakera liburua aurkeztu berri du, euskal narratiba garaikidearen azterketa batetik abiatuta, nazio kontakizun berri bat ardazteko hainbat proposamen eta ideia ausardiaz eskainiz.

«Segurtasun oso eta erabatekoa baino urrutirago heltzen da zalantza»
Mikel ZUBIMENDI|GASTEIZ
Arraizbat

Haizemortua eta bero sapa Gasteizen. Parte Zaharrean egin dugu hitzordua Arraizekin, eztarriak freskatzeko garagardo eder bat hartu ostean. Itzalpean eseri gara, banku batean, arratsalde betean. Irribarre kutsakorra dario, pozik antzematen zaio, lasai, emozionalki exijentea, oso pertsonala eta zorrotza den lana aurkeztu ostean.

Elkarren artean banatzerik baleude, zein da liburuan aurkitzen dugun Hasier Arraiz: literaturaren jonkia politikaz mintzo ala politikaren jonkia, animalia, literatura egiten?

Erantzuten zaila den galdera da hori. Zaila da, biak naizelako. Ezagutzen nautenek badakite literaturaren jonkia naizela erabat, literaturaz hitz egiten dudanean sarritan jotzen dudala politikara, eta politikan aritzean sarritan etorri zaizkit gogora literaturatik ikasiak. Hemen badago literaturaren jonkia eta badago sen politikoa duen tipo bat atzean, argi eta garbi.

Zerk pisatzen, markatzen du gehiago: saiakerak eta bere ahalegin intelektualak edo Hasier Arraiz eta bere iragan hurbilaren itzal politiko horrek?

Bizitu nauen hori papereratu dut. Oso pertsonala da, orrialde guztietan nago, baina ez dut uste neure buruaren aldarrikapen bat dagoenik, hori baldin bada galdetzen duzuna. Badago nire belaunaldiaren eta nire belaunaldiko sortzaileen aldarrikapen bat. Gure belaunaldiak asko ikasi du, suertatu zaio garai zail bat bizitzea. Batzuek diote gatazkara lotu ginela ezagutzen genuen bati hau gertatu zitzaiolako, edo osabari edo besteari, hura. Niri, eta nire lagunei, halakorik ez zitzaigun gertatu. Gatazkara joan ginen nahi izan genuelako. Horrek markatu du gure bizitza. Baina horrekin batera, badaude beste ezaugarri batzuk: uste dut gure belaunaldiak, aurrekoekin konparatuz, erlatibismoari beste garrantzi bat ematen diola. Agian ez da dena txuria ala beltza, igual ñabardurak daude, igual gureak ez dira hain onak, agian besteak ez dira hain txarrak, gauza horiek guztiak. Gure belaunaldiaren balio horiek, Kirmen Uriberengan, edo Gorka Urbizurengan, edo Harkaitz Canorengan edo Eider Rodriguezengan edo beste sortzaile batzuengan nabaritu ditudanak, ba balioan jarri nahi izan ditut.

Lehen begiratua orotan inportanteena bada, azala, azaleko irudia eta izenburua ikustean esku artean poema liburu bat nuela pentsatu nuen; irakurtzen hastean, unibertsitateko tesi baten traza hartu nion, eta bigarren partean, proposizio edo testamentu politiko batena. Nola josi dituzu ?

Izenburua Kirmen Uriberen poema batetik hartutakoa da, bai. Azalean Ondarroako Zubi Zaharra agertzen da, eta horrek, nolabait, irudikatu nahi du ba adiskidetasun zahar bat eta alde batean eta beste aldean egondakoak nola berriro batzen diren, hori da liburuaren motorra.

Zubiaren irudia ez da, beraz, txiripa.

Ez da kasuala, ez. Hortik hasten da guztia, hor dago ernamuina. Gustatu zait aipatu duzun testamentu politikoarena. Normalean testamentua egiten dute hildakoek, (barrez) pentsatu nahi dut ez nagoela hilda. Proposamenak egiten ditut pentsamenduak eraberritzeko asmoz, eztabaida berri batzuk sortzeko. Balio baldin badute eta jendeak erabilgarri baldin baditu, primeran. Inork ez baditu erabili nahi, ez badute eztabaidarik sortzen, beste kontu bat da.

Belaunaldi bateko idazleen narratiba hartzen duzu azterketaren hari, eta guztien buru Kirmen Uribe jarri duzu. Artikoa zeharkatzen duen armada bat balira, «ontzi izotz-hauslea» litzatekeela irakurri dut.

Horrek badu esplikazio bat. Kirmenen lana, lehen aldiz gure literaturan, gaztelaniatik pasatu gabe, ingelesera eta beste hainbat hizkuntzatara eraman da. Gure literaturarentzat hori bai dela berria. Honek adierazten du gaztelania ez dela beharrezkoa beste mundu eta hizkuntza batzuetara pasatzeko. Berritzailea eta interesgarria da benetan.

Oso gai zehatzetik abiatuta jauzi egiten duzu gai potoloetara (ezkerra, etika, bizikidetza...). Nola sartu zenuen haria orratzean eta joskera hori asmatu?

Belaunaldi literario berri horrek paradigma bat apurtu du euskal ikuspegi batetik: postmodernismoaren paradigma. Frederic Jamesonek aipatu eta neurri handi batean neure egiten dudan definizioari jarraituz, neoliberalismoaren laguntzaile kulturala da postmodernismoa. Orain mundua eta neoliberalismoa aldatu dira, ikaragarri, dena azeleratu da eta demokrazia liberala txiki geratzen zaio neoliberalismoari, beste mundu bat planteatzen du, autoritarismo demokratikoa deitzen dudana eta herrialde pila batean nagusi dena. Postmodernismoa ez da gai mundu berri eta arrotz hau, ez dena inondik inora ere guk amestutakoa, adierazteko. Paradigma bezala krisian dago.

Hemen, Euskal Herrian, sumatzen dut Kirmen Uribe, Harkaitz Cano, Eider Rodriguez, Unai Elorriaga, Mikel Peruarena Ansa, Uxue Alberdi… hauek guztiak ari direla apurtzen paradigma hori euskal ikuspegi batetik paradigma berri bat behar dela planteatuz, paradigma literario berria, nolabait ezkondu behar dena mundu hau adierazteko era berri batekin. Orain ikusten da oinarrizko eskubideak galtzeko arriskuan daudela, galtzen ari direla, eta literaturari ere badagokio beste modu batez posizionatzea mundu berri horren aurrean. Lehen egin zuen, gertatzen ari zena lagunduz, konformismotik, inhibiziotik, orain tokatzen zaio jarrera hartzea eta esatea argi eta garbi hemendik ez garela pasako. Niretzat hori euskal ikuspegi batetik batzuk egiten ari dira honezkero.

Errepikatzen duzun ideia da «nostalgiara ez harpidetzearena». Abiapuntu berri baterako, berriz arrankatzeko, iraganera lotzen gaituzten zubiak zartatzen ikasi beharra dagoela.

Ideia nagusietako bat da. Ez dut, baina, hausturarena planteatzen. Guztiz kontrakoa. Eskertu behar zaie aurrekoei egindako guztia, haiei esker hemen gaudelako, bai euskal literaturan eta bai Euskal Herrian oro har. Hemen gaude eta ez da gutxi. Baina etorkizunera begiratu behar da, ez atzera. Eta herri honetan badaukagu atzera begiratzeko joera, iraganekoa hobea izan zela beti pentsatuz. Nik zalantzan jartzen dut ea hobea izan zen, ea hobeak izan ziren. Eta, agian, atzera begira egote horrek eragozten digu aurrera begiratzea, orain benetan egiten ari dena bere neurrian baloratzea aurrera egiten segitzeko, bai kulturan eta bai oro har.

Baina narratiba, baita poesia eta kantua ere, memoriaren kondentsadoreak dira, aspaldikoa landuz berriz bilaketa bat bihurtzen dute, gezia urrutirago jaurtiz.

Polemika hau Lauaxetaren garaikoa da. Berak “Bide barrijak” idatzi zuenean, esaten zuen tradizioa funtsezkoa dela bide berriak sustatu ahal izateko, zimenduak, oinarriak behar dituztelako, baina bide berririk ez baldin badago, lehengoa hil egiten da, bere horretan geratzen delako. Baloratu behar da aurrekoa, horretan oinarritzen gara, noski, nola ez, baina gauza berriak egiteko.

Uriberen obran esan eta diktatu baino, jakitera eman, iradokitzen dela azpimarratzen duzu. Esplizituki aldarrikatzen duzu zalantza-dantza pentsamendua, iritziak gihartzeko ezinbesteko ariketa bezala.

Aspertzen naute segurtasun oso eta erabatekoa adierazten duten pertsonak. Askoz ere erakargarriagoak egiten zaizkit zalantzak adierazten dituztenak, proposamenak egiten dituztenak, nolabait xumetasun handiago bat azaltzen dutenak. Nire ustez, horiek urrutirago iristen dira.

Beraz, diktatzean edo esatean baino jakitera ematean, iradokitzean plus bat dago.

Bai, irakurlea, literaturaz ari baldin bagara, edo herritarra, politikaz ari baldin bagara, pertsona inteligentetzat hartzea delako. Besterik da horri esatea zer pentsatu behar duen, zer-nolako ondorioa atera behar duen; eta niretzat hobe da proposamen bat egitea, eta beste pertsona hori berdintasun harreman batean hartzen duzunez, berari uztea bere ondorioa ateratzen.

Belaunaldi literario honek baduela aurrekoek izan ez zuten abantaila moduko bat diozu. Zubi-aro bat bizitzetik datorkiona, predigitala zen garaitik postdigitalera, gatazka armatutik gatazka armatuaren osteko arora. Aurrekoek «dualismoa» pairatu zuten, alde edo nire kontra, txuri ala beltz, eta, nolabait, injustua iruditu zait.

Dualismoa nagusi zen euskal gizartean. Eta kultur sortzaileak eta idazleak hortik kanpo geratzea oso zaila zen. Baina ez naiz injustua beraiekin, goraipatzen dut haien guztien lana. Injustua izan zen garaia beraiekin, oso zaila izan zen euskal sortzailea izatea eta dualismo horretatik abstraitzea, ñabardurak jartzea, esatea «hau ez da dena horrela, bestela ere izan daiteke». Uste dut maila batean ala bestean, guzti-guztiek ordaindu zutela hori. Baina egia da gure belaunaldikoek aukera izan dutela gauzak beste modu batez kontatzeko, aukera eta ausardia. Agian errazagoa zen inertziekin jarraitzea, dualismoan, nire aldekoek ni txalotzen jarraituko dutela badakidalako, beste aldekoek ez nautela inoiz txalotuko.

Bigarren partean, panorama globala aletzen duzu. Eta beltza geratu zaizu. Baina esperantzarako printzak ere aipatzen dituzu: esperientzia komunalak, feminismoa, kontratu sozial berria… betiere, geuretik ekinez, euskal ikuspegi batetik.

Hori da daukagun mundua, inguratzen gaituena, ezin dugu beste alde batera begiratu. Baina horren aurrean ikusten ditut nahiko nukeen mundu berriaren ernamuinak ere badaudela eta pentsatzen dut gai izango bagina horiek denak saretzeko posible litzatekeela agian alternatiba bat sortzea.

Denon errepublika baten bidean, gizarte kohesioa aipatzen duzu gako, askapenerako ezinbesteko baldintza.

Euskal Herria ez dago askatzerik komunitatea ez badago. Euskal komunitatearen beharra aldarrikatzen dut, ze oraindik, euskal herritarrok jarraitzen dugu ez dakit elkarri bizkarra emanda baina elkarri begiratuz ere ez. Eta gizarte bakarra bagara, gizarte bezala zer zailtasun ditugun barneratu behar dugu, horietako batzuk gure iragan hurbilagatik. Proiektu emantzipatzaile bat dugunok, hori nahiko genukeenok, komunitatea beharko genuke hori oinarritzeko. Komunitaterik ez baldin badago oso zaila izango da proiektu hori gauzatzea.

Autokritika gure gizarteari zor diogula diozu, eta zorrotza eta zintzoa izan behar duela. Zoritxarrez, autokritika institutu garaiko praka bakeroak baino higatuagoa dago.

Hori gogor kritikatzen dut, alderdi politiko batzuek beste batzuen kontra nola erabiltzen duten. Ez du ezertarako balio.

Nolako autokritika, beraz.

Askoz xumeagoa imajinatzen dut. Nire bizipenei buruz hitz egin dezaket, ezin dezaket besteenaz hitz egin, ezin dezaket erantzun zergatik ez zen hau erabaki garai hartan edo hori beste modu hartan egin? Oso injustua iruditzen zait orain horrelakoak erantzutea. Hor egon nintzen hor egon nahi nuelako. Baina gure aldean egindako gauza guztiak ez ziren ondo egon. Eta nik hori onartzeak eta enpatia adierazteak hori sufritu zutenekiko agian lagundu dezake komunitatea sortzen, zubiak berriz eraikitzen, prozesu emantzipatzaile hori indartzen. Jakina, inori etika leziorik eman gabe, ez naizelako inor inori lezioak emateko.

Idazleak egitasmo kolektibo batean parte hartzera gonbidatzen dituzu: kontakizun berria.

Liburua idazten ari nintzela “Patria” fenomenoa ari zen puri-purian. “Patria” horretaz ari da, gertatutakoari buruz kontakizun zehatz bat egiten du, alde batekoa, eta alde horrek esan du hori dela kontakizun bakarra, ez dagoela besterik. Euskal literaturaren partetik badago beste bizipen batzuk kontatzea. Saizarbitoriak esaten zuen historiari utzi behar zaizkiola gertakariak kontatzen, hori duela eginkizun; literaturak, baina, bizipenak konta ditzake. Euskal literatura garaikideari bizipenak kontatzea eskatzen diot, bide bazterrean geratutako hainbeste bizipen kontatzea eta horiekin batera kontakizun osoa, kontakizunen kontakizuna, osatzea. Eta badira, badirenez, Harkaitz Canoren “Twist” eta “Fakirraren ahotsa”, Lander Garroren “Gerra txikia”, Uriberen “Elkarrekin esnatzeko ordua”, Unai Elorriagaren “Iazko hezurrak”, Uxue Alberdiren “Janis Joplin”...

Bi osagaiko erronka ikusten dut kontakizunarena. Bata, argia: bisioa eta bisioa konpartitzeko ahalmena; eta, biga: mentalitateak interpelatzea, gizartea izan behar du protagonista, iragana ezagutuz, baina ausart, aurrera eginez.

Kontakizunak aspirazionala izan behar du, nolako komunitatea izan nahi dugun… eta badira oinarri konpartitu batzuk. Euskara, feminismoa, naturarekiko konpromisoa, justizia soziala. Gero norberak ulertuko du modu batean ala bestean. Horiekin eta beste zume batzuekin osatuko nuke gure nazio kontakizuna, baina argi eta garbi daukat kontakizun horrek ez duela lekurik Espainian eta Frantzian, ez dauka tokirik gaur egungo lege markoan, eta horretarako euskal herritarrok geure buruari, geure herriari eman beharko diogu beste toki bat, benetan gauzatzeko gure nazio kontakizun hori. Goazen narratiba berri hori sortzera, ideia horiek gure modura kontatzera, gure errealitatearen arabera.

Azken galdera. Politikan aurrean ibilitakoek, sarritan, memoria partisano baten leheneratzeko idazten dute. Ez da zure kasua izan, suelto aritu zara, zama partisanoak arinduta.

Ez dut uste nire memoria politikoak oso aberasgarriak izango zirenik eta ez dut neure burua aldarrikatu beharrik sentitzen. Baina liburua idaztean, 20 urterekin intsumiso egin zen mutil harekin, mundua aldatu nahi zuen gazte inozo harekin berriro egin nahi nuen topo, oraindik ni izandako hark neure baitan jarraitzen duen ikusi nahi nuelako, hainbeste urte eta gero, nolabait, berriz adiskidetuko ginen jakin nahi nuelako. Eta, bai, sentitu dut gazte intsumiso horrek neure baitan segitzen duela, akaso orain pixka bat gehiago dakidalako, orduan baino zalantza gehiagorekin.

Agian ez da dena txuria ala beltza, agian gureak ez dira hain onak, agian besteak ez dira hain txarrak

KOHESIOA


«Oraindik euskal herritarrok jarraitzen dugu ez dakit elkarri bizkarra emanda baina elkarri begiratuz ere ez»

IRAGANA


«Zalantzan jartzen dut ea iragana hobea izan zen, ea iraganekoak hobeak izan ziren»