Nagore BELASTEGI
DONOSTIA

11/13 auziak 38 adin txikikori jada eragiten dien kalteaz ohartarazi dute

Depresioa, gauzak hitzez azaltzeko zailtasunak eta norberaren irudia gutxiestea dira espetxeratzen dituzten gurasoen seme-alabek jasan ditzaketen arazo psikologikoak. Horien berri eman zuten atzo Donostian 11/13 auziko auzipetuek, gehienak gurasoak dira, eta psikologia zein pedagogia arloetako profesionalek.

11/13 auziko 47 auzipetuek lagun eta senideekin agerraldia egin zuten atzo Donostiako Alderdi Ederren, euren seme-alabekiko kezka adierazteko asmoz. Izan ere, psikologia eta pedagokiako profesionalekin harremanetan jarri dira eta profesionalok, euren babesa emateaz gain, haurrek izan ditzaketen arriskuei buruzko txostena egin dute.

«47 lagunok ingurune zabala dugu alboan; komunitatea, familia eta lagunartea. Asko guraso ere bagara, eta gehienok adin txikiko umeak ditugu gure kargu: denera 38», aipatu zuen Jon Mintegiagak, epaituko duten gurasoetako batek. Hain zuzen ere, seme-alabek epaiketarekin biziko duten egoera nola kudeatu da uneotan auzipetu askoren «buruko minik handiena», ez dakitelako «zer esan, noiz esan, nola esan halako batean aita edo ama etxetik falta daitekeela denbora askorako». Horregatik, epaia jaso aurretik ere zigorra jasaten ari direla sentitzen dute.

Egoera ikusita, psikopedagogiako profesionalekin harremanetan jartzea erabaki dute auzipetuek, eta profesionalok dosier bat egin dute umeen arriskuak laburtuz. Horien izenean hartu zuen hitza Amaia Vazquez psikologoak. «Nagusiki, erreferentziazko pertsona baten galerak, ondo antolatutako familia batera desegituraketa ekartzen du», azpimarratu zuen.

Sintomatologiari dagokionez, hiru epe bereizi dituzte adituek. Lehenik, epaiketa aurretik helduek bizi duten estresak ezinegona eta antsietatea sortzen du seme-alabengan. Bigarrenik, epaiketa hasi eta gurasoak hedabideetan agertzean, estresa handitu egiten da eta norberaren «irudia gutxiestea» eragin dezake. Azkenik, gurasoak espetxeratzekotan, sintoma zehatzagoak eman daitezke: «Haurrak ez du ulertzen erabat gurasoaren absentziaren arrazoia eta pasa beharreko doluan eragiten dio. Depresioa, abaildura, itxaropen eza, eta, muturreraino joz gero, suizidioaren ideia garatu dezake», esan zuen Vazquezek.

Hori dela eta, irailaren 16an hastekoa den epaiketa bertan behera uztea eskatu zuten, «konponbideari eta etorkizunari» ateak zabaltzeko.