Joxemari CARRERE
Ipuin kontalaria

Gaiztoak

Kontu zaharretan ohikoak dira pertsonaia gaiztoak. Gaiztoak eta onak. Onak heroiak izango dira; ez, baina, Estatu Batuetako kontsumo masiborako ekoizpen audiobisualetatik heltzen zaizkigun ereduen modukoak. Kontu zaharretako heroiak askoz ere lurtarragoak dira, batzuetan ahalmen magikoak badituzte ere; eta, batez ere, beren indarra besteekiko elkartasunetik datorkie. Horren laguntzaz gaiztoari gailendu eta guztiontzat bizitza hobea lortuko dute. Dena dela, ez dugu ahaztu behar, kontu zaharrak sinbologiaz, estereotipoz eta arketipoz gainezka dauden istorioak dira, askotan iniziatikoak; alegia, ikasbide gisa azaldutakoak. Vladimir Propp ikerlariak herri ipuinetan, beste funtzioen artean, gaiztoaren funtzioa eta zeregina aztertu zituen. Gaiztorik gabe zaila da ipuina osatzea, nonbait. Gianni Rodari pedagogoarentzat ipuina errealitatea ulertzeko jolasa da; eta imajinatzeko ahalmena aldarrikatu zuen, pertsonaren askatze bidean. Bruno Bettelheim psikiatrak, kontu zaharrak aztertuz, imajinaziotik abiatuta haurrei bizitzari aurre egiteko tresna garrantzitsutzat hartzen zituen.

Ipuinak dira, ordea, lurralde harrigarrietara eramaten gaituztenak. Ipuinak. Dena dela, badira pertsonak gaiztoak etengabe errealitatean bilatzen dituztenak, zigortu nahi dituztenak, euren burua heroitzat dutenak. Onak bakarrik beraiek direla sinistuz, kruzada demokratikoak antolatzen dituzte. Ez dira konturatu ahots zakarrez mintzatzen zaien ispilu magikoa lizunak jota dagoela.