Martxelo DIAZ
IRUÑEA

Bardeako tenperatura gainditu du Balmasedak bero bolada dela-eta

Aurreikuspenak bete egin ziren atzo eta iragarritako bero boladak tenperatura altuak utzi zituen Euskal Herrian. Aemeten datuen arabera, 16.00etan termometroak 40 gradu markatzen zituen Balmasedan. Nabarmentzekoa da ordu berean Bardean zeuden 39,6 graduak gainditu zituela Bizkaiko Enkarterriko herri horrek.

Bero lamadak utzitako tenperatura altuak izan ziren atzo albiste Euskal Herrian. Bihar arte behintzat egoerak berdintsu jarraituko duela diote iragarpenek. NAIZen webgune berezian kontsulta daitezke herriz herriko datuak eta Joxe Landaren iragarpenak.

Nafarroari dagokionez, bero nabarmena izan zen atzo lurralde osoan, Aemeten datuek baieztatu zutenez. Iparraldean, Beran 38,2 gradu markatzen zituzten termometroek arratsaldeko lauretan, Bardean baino gradu eta erdi gehiago. Noaingo aireportuan ere antzera ibili ziren eta 38 gradu zituzten arratsaldean, goizeko zortzietako 21,4 gradutik igoera etengabea izan baitzen orduek aurrera egin ahala.

Freskura bila Pirinioetara joandakoek ere ez zuten zorte handirik izan; 16.00etan, esaterako, 37,6 gradu zeuden Nabaskozen, Iruñean baino lau hamarren gutxiago.

Arabari dagokionez, Kanpezun 36,6 graduraino iritsi zen merkurioa arratsaldeko 16.00etan, herrialdearen hegoaldean, Bastidan, zeukaten tenperaturaren oso antzekoa (36,5). Edonola ere, Forondako aireportuan marka hori gainditu zen, 37,7ra iritsi baitzen tenperatura. Agurainen balioak leunxeagoak izan ziren; 16.00etan 34 gradu zituzten.

Bizkaian, aldiz, desberdina izan zen tenperaturen bilakaera, iragarrita zegoen galernaren iritsierak tenperaturak nabarmen jaitsarazi zituelako arratsaldeko ordu bietatik aurrera.

Enbataren eragina

Galea lurmuturrean, Getxon, 35,1 gradutik 24,6ra pasatu ziren arratsaldean, 14.00etatik 16.00etarako tartean. Matxitxakon 31 gradutik 27,2ra igaro ziren eta Loiuko aireportuan, aldiz, 37tik 29,8ra.

Nolanahi ere, egoera hori ez zen Bizkai osoan errepikatu. Enkarterrian, esaterako, ez zuten nabaritu galernaren freskurarik. Adibidez, Balmasedan 18 gradu zituzten goizeko zortzietan. Arratsaldeko ordu bietarako, 37,6 gradura iritsi ondoren goranzko joerari eutsi zion tenperaturak, 16.00etan 40 gradura heltzeraino.

Gipuzkoan, ostera, ez zen sumatu galernaren eraginik eta merkurioa oso goian izan zen lurralde osoan.

Esate baterako, Igeldoko behatokiak inoizko tenperaturarik altuena erregistratu zuen (39 gradu) 16.00etatik 17.00etara bitartean, 2003ko abuztuaren 4an jasotako marka (38,6) gaindituz, Aemetek jakinarazi zuenaren arabera. Ordu berean, 39,8 gradu markatzen zituen termometroak Hondarribiko aireportuan; 38,2, Elgoibarren eta 34,5, Zumarragan.

Ipar Euskal Herrian ere tenperatura altuak izan zituzten. Atzo bezala, gaurko ere, Estatu frantseseko lurralde askotan bezalaxe, alerta laranja ezarri dute aurreikusitako beroa dela-eta, Meteo-Francek jasotzen zuenez.