GARA
GETARIA

Elkanoren itsasoratzea ospatuko dute Getarian irailaren 14 eta 15ean

Lehen mundu bira gogoratzeko, Elkanoren itsasoratzea jaialdi batekin ospatuko dute getariarrek datorren irailaren 14 eta 15ean. Herriko gizarte zein kultur eragile desberdinek, Getariako Udalak eta Elkano 500 Fundazioak diseinatu eta antolatutako egitaraua izango du jaialdiak. Itsasoratze sinbolikoa izango da hitzordu nagusia.

Lehen mundu bira bilakatu zen espedizioa 1519ko irailaren 20an itsasoratu zen Sanlucar de Barramedan. Datorren irailean, efemeride horren 500. urteurrena baino egun gutxi lehenago, getariarrek gertakari hori gogoratuko dute. Horretarako, “Elkanoren itsasoratzea” jaialdia antolatzen ari dira, elkarlanean, Getariako Udala, Elkano 500 Fundazioa, herritarrak eta herriko eragileak. Jaialdia parte-hartzailea, ludikoa eta dibulgatiboa izango dela iragarri zuten atzo. Gainera, 2022 artean jarraipena izango duen ekimen zabalago baten lehen ekintza izango dela ere aurreratu zuten. Izan ere, “Mundu biraren ubera” lelopean, «iraganaz hausnartu nahi dugu, begirada ireki batekin, oraina ulertzeko abiapuntu bezala», Getariako alkate Haritz Alberdik adierazi zuenez.

Elkanoren itsasoratzea irailaren 14 eta 15eko asteburuan egingo da eta publiko desberdinei zuzendutako egitaraua izango du. Besteak beste, jolasak, tailerrak eta musika egongo dira haur eta gazteentzat, sukaldaritza lehiaketa eta herri bazkaria, eta erakusleiho lehiaketa. Baita itsasoratze sinboliko bat ere, mundu biraren espedizioan parte hartu zuten euskal herrietako ontzien parte-hartzearekin.

Aurreko egunetan hitzaldiak eta solasaldiak egongo dira, eta baita behaketa astronomiko bat ere San Antonen.

«Mundu biraren ubera»

Haritz Alberdi alkateak adierazi zuen jaialdi hau “Mundu biraren ubera” lelopean eta ikuspegi amankomun batekin Getarian antolatuko den egitarau zabalago baten lehen urratsa dela. «Mundu bira jakin-minez begiratu nahi dugu», ziurtatu zuen. «Iraganarekin ados edo kontra egon gaitezke, eroso edo deseroso senti gaitezke, baina hortik harago, iraganaz hausnartzeko aukera emango digun begirada irekia izan behar dugu oraina ulertzeko abiapuntu bezala».

Itsasoratze sinbolikoa

Jaialdiko ekitaldi nagusia Getariatik egingo den itsasoratze sinbolikoa izango da eta euskal herrietatik parte hartu zuten ontziak ere bertan izango dira, Ondarroakoak, Bermeokoak edo Lekeitiokoak, kasurako.

Asteburua girotzeko dibulgazio astea ere antolatzen ari dira egunotan. Ikuspegi historikoa eta zientifikoa uztartuko duten hitzaldiak egingo dira. Mundu bira ikuspegi desberdinetatik aztertzeko asmoz, solasaldiak ere egingo dira, filosofia, antropologia, astronomia, medikuntza edota gastronomian adituak diren pertsonekin.