GARA

Irailean itzuliko da «Egunean behin» jokoa

Tribial estiloko galdera-erantzunen jokoa da “Egunean behin”, CodeSyntaxek iragan martxoan martxan jarri zuena. Zehazki, mugikorretarako euskal aplikazio honen erabiltzaileek hamar galderako galdetegi bat erantzun behar dute –egunean behin, egunero partida bat–, ahalik eta denbora laburrenean. Euskaratik eta euskaraz sortutako 50.000 galdera daude datu-basean, kultura, kirola, matematika edo literatura hizpide dituztenak. Mundu mailako galderak badira, noski, baina asko dira Euskal Herria oinarri dutenak. Emandako erantzunen arabera eta erabilitako denbora aintzat hartuz banatzen dira puntuak –bakarka zein taldeka jokatzeko prestatuta dago– eta asteko zazpi partidetako erabiltzaile onenak saria jasotzen du. Harrera paregabea izan du aplikazioak; aste honetan, esaterako, 10.000 lagunen langa gainditu du Android eta iOSerako garatutako jokoak. Probatu nahi duenak, hori bai, itxaron egin beharko du, lehen denboraldia aste honetan amaituko baita. Irailean bueltan izango da berriro eta berrikuntzak ere iragarri dituzte.