Nagore BELASTEGI
DONOSTIA

Woody Allenen kontrako protesta egin dute Donostiako herri mugimenduek Kontxan

Dozenaka pertsona elkartu ziren atzo Donostiako Kontxako hondartzan. Bizilagunekin plataformak, Ernai gazte erakundeak, Hotel+Ez mugimenduak, Groseko Asanblada Feministak, Medeak, Donostiako Bilgune Feministak, Garaipen eta Harro koordinadorak deituta.

Woody Allenek bere film berria Zinemaldian oinarrituko du, eta horretarako Donostian filmatzen ari da egunotan. Horrek hiriari ondorio kaltegarriak ekarriko dizkiola uste dute bizilagunek. «Donostia turistifikazio prozesu azkar eta bortitzean daramate agintari publikoek. Turista eta inbertsoreak hirira erakarri nahiaren atzean, prozesu horien bidez etekin ekonomiko erraldoiak lortzen dituztenak daude», salatu zuten komunikatu batean.

Herritarrek, aldiz, «gero eta zailagoa» ikusten dute hirian bizitzea, etxebizitzaren salneurria zein kontsumo prezioak igo direlako. «Hiri-markak eta kulturaren merkantilizazioak helburu komertzial partikularrei erantzuten diete hiri honetan. Helburu horren mesedetan datorren orori alfonbra gorria jartzen zaio», salatu dute.

Abusu salaketa

Gainera, zinemagilearen alabak salaketa jarri zion haurra zela jasan zituen sexu abusuengatik, eta horregatik uste dute «harreman ofizial oro eten beharko litzatekeela». «Ezin dugu onartu egun batean Woody Alleni harrera egitea eta aste berean erasoen aurkako udako kanpaina aurkeztea. Horri zuriketa morea esaten zaio», esan zuten Udalaren jarrerari buruz.

“Donostia ez dago salgai”, “Alfonbra gorririk ez erasotzaileei”, “Bertan bizi gara, bertan bizi nahi dugu”, “Postalen atzean Donostia prekariorik ez” eta gisako leloak karteletan idatzita zituztela, oihuka eta txistuka egon ziren ordu erdi luzean. Txalo artean amaitu zuten protesta «Woody Allen kanpora» oihukatuz.