Haritz LARRAÑAGA
BAIONA

Besta «euskaldun, feminista eta herrikoiak» Patxa plazan

Iaz ofizialki izendatu eta aurten eraberritu duten Patxa plaza izango da Gazte Asanbladak antolatutako Besta Alternatiboen eremua. Urtero bezala, bertsotan eman zioten hasiera igandera arte izango diren bestei.

Udalak albo batera utzi zituen arren, bertsolariek beren txokoa dute Patxa plazan, eta hori, argi ikusten da urtero Pyrenees ostatuaren aitzinean egiten duten «besta alternatiboen idekidura» ekitaldian. Julen Bellan, Zizpa gaztetxeko «kubatar-euskalduna», izan zen bestei hasiera eman zien bertsolaria.

Amaia Riouspeyrous abeslariak jota bat abestu zuen, eta jarraian, Marilou Lapeyrade Gazte Asanbladako kideak hartu zuen hitza. Lehenik, txalo bero bat eskatu zuen Patxa Plaza kolektiboarentzat, «ofizialki, Patxa izena eta plaza itxura lortu duen gure plaza maitean iraganen baitira besta euskaldun, feminista eta herrikoiak».

Duela hamabi urte hasi ziren Patxa plazan besta alternatiboak antolatzen, eta «Patxak hasi bezala segitzen dugu, gaur, plazan, eta plazaren bitartez, alternatibak eraikitzen», argitu zuen Gazte Asanbladako kideak.

Herriko etxeak euskarari eskaintzen dion «leku ttipia» gaitzetsi zuen Gazte Asanbladako hizlariak, baina «Patxa plazan merezi duen lekua eskainiko» diotela ziurtatu zuen.

Jarraian, eremu alternatiboan eraso sexistek lekurik ez dutela esan zuen bozeramaile gazteak. Eta azkenik, Biarritzen izango den G7 gailurrari egin zion erreferentzia: «Ozen salatu nahi dugu G7aren izaera eta horrek dakarren setio egoera».

Diakiteren txupinazoa

Hitzaldiaren ostean iritsi zen momentu garrantzitsua. «Suziria pizteko Diakite elkartea gomitatu dugu, errefuxiatuen laguntzeko egiten duten lana zoriontzeko», iragarri zuen hizlariak. Joana Detxart Diakiteko ordezkaria izan zen hitzaldi labur baten ostean suziria zerura bota zuena, eta eztandarekin batera, txalo zaparrada etorri zen.

Dantzarien aurreskuak itxi zuen besten irekiera ekitaldia, eta ondoren, jendea mugitzen hasi zen; izan ere, hizlariak iragarri moduan, «freskagarri bat merezi dugu, lehena Xinan eta ondotik Patxa plazara!».