Adrian Zelaia
Aintzat Osasungintza Euskalduntzeko Mugimenduko kidea
KOLABORAZIOA

Euskalgintza zaharra

Termino berri bat gorpuztu beharra dugu, «Euskalgintza zaharra». Gizartearen eta herri mugimenduaren baitan une oroko eraldaketa eta egokitzapenek ezinbesteko osagai behar dute izan hizkuntzak, ekonomiak, politikak, eta abarrek daramaten abiadarako.

Bada, euskalgintzaren analisi egoki permanente hori ere beharrezko dugu ongi eta gaizki egiten ari garen hori aztertu, norbere estrategiaren hutsuneak bete eta aurrerapausoak emateko.

Itxura denez, azken urteotan euskarak aurrera baino ez du egin. Ezagutzan aurrera goaz, Korrikak inoiz baino atxikimendu handiagoa du, eta orokorrean, duela 50 urte baino presentzia handiagoa du euskarak.

Hala ere, fenomeno hau botila erdi beteta ikusten duten horiek ur tanta pare batean loriaz itotzekotan ez ote dauden galdetu beharko genioke gure buruari. Euskalgintza etnikoaren (J. M. Odriozolaren baimenarekin) mami hori urteotan nola gorpuztu den ikusi besterik ez dago.

Euskalgintzak, egun, bi esparru ezberdin barnebiltzen dituela esan daiteke: zaharra eta berria.

Euskalgintza zaharra delakoak euskararen eboluzioa frankismoaren parametroetatik begiratzen du. Hau da, frankismotik honako eraldaketa oro modu isolatuan ulertzen du, eta lorpen oro da urre, distira. Honako mantra une oro errepikatzen dute: botere harremanak alde ditugu, administrazioa alde dugu, botereguneetan euskara presente egotea ez da beharrezkoa, eta euskararen aldekotasuna aurkakotasuna baino handiagoa da. Orokorrean, bide onean goaz.

Iritzi multzo hau, gehienbat, euskal hedabide eta iritzi foku hegemonikoetatik dator. Administraziotik, euskara teknikariengandik, euskararen alde «egotetik» edo egotearen itxura ematetik bizi diren horiengandik. Administrazioan bertan espainolez eta frantsesez funtzionatzen duten horiek euskararen alde daudela eta euskaraz ez bizitzearen ardura eta errua euskaldunona baino ez dela esatera datozen horiengandik. Euskararen aurka dauden horiek urduri jarriz gero, onura baino oker gehiago ekar ditzakeela diotenengandik.

Analisian sakonduta, ordea, hankamotz gabiltza. Inork gutxik aipatzen du, hainbeste goraipatutako Txillardegiren biografiaren baitan, Euskal Herriko sektore batzuek momentuko euskalgintza ofizialaren aurka egin behar izan zuten lana euskara batua sortu eta euskal mundu txikian hegemonizatzeko. Tesian sakonduta, euskalgintzak une oro du asimilatua izateko arriskua.

Diru kopuru handia dago jokoan. Administrazioak diru asko inbertitu du euskara teknikari, laguntzaile, euskara plan, eta komunikazio arduradunengan. Baita administrazioaren beraren lagun diren horiei euskararen alde «lan» egiteko dirulaguntzetan.

Langile hauek dira, hain justu, euskalgintzan autoritate arrotzarekiko konfrontazioa ekidin nahi dutenak. Administrazioarekiko konplizitatea eta dependentzia ekonomikoa handiegiak dira telebistan euskaltzaletzat saltzen dizkiguten figura komiko horiek interes pertsonalik ez dutela ulertzeko. Eroso daude haien egunerokotasunean, eta errutinatik konpromisorako saltoak garestiegia dirudi nagusiarengatiko dependentzian bizi direnean. Azkenean, euskalgintza ahozkotasunera eta norbere borondatera mugatu behar dela, jakinda, horrela, euskara etxean hitz egiteko hizkuntza, behiei eta azei hitz egitekoa izatera kondenatzen dugula.

Euskalgintza berria da entelekia honekin hausteko elementu bakarra. Egoeraren analisi egokiaren bitartez egituratua. Komunikabideak, administrazioa, politika, ekonomia, eta abar, espainolez eta frantsesez eratuak dira, hau da, botereguneak. Kolonizazio aro berri baten aurrean gaude, non homogeneizazioa jada Espainia eta Frantziatik harago ere badoan. Aldi berean, militantzia eta herri mugimenduaren krisiari aurre egin behar zaio, giza kapitala, politikoa eta ekonomikoa berreskuratuz.

Existitzen da euskalgintza berri hori. Kalean dago, jendartean, herri mugimenduan txertatua. Administrazioarekiko dependentziarik ez duena, botereguneak helburu dituena, kolektiboaren borondatean oinarritua, eta euskalgintzak aurrera egiteko beharrezko duen talka eredua eraikitzeko prest dagoena. Euskararen aurka dauden horiek urduri jarri ezean, nekez egingo du aurrera euskalgintzak, zehazki haiek urduri jartzeak aurrerapausoak emateko aukera adierazten duelako.

Betor, beraz, plazara, euskalgintza berri hori, eta bota dezala zerri askara euskalgintza zahar herdoildua, euskararen hobe beharrez.