Jose Angel ORIA

Siberiako suteak itzaltzeko exijitu diote Kremlini

«Errusiako ekialde urruneko eta Siberiako basoak suntsitzen ari diren suteak itzaltzeko berehala zerbait egin ezazue», eskatu diete 800.000 lagunek agintariei. Moskuk garrak amatatzeko baliabiderik ez bideratzea erabakita dauka eta Greenpeace taldeak sinadura bilketa bat jarri zuen abian erabaki hori alda dezaten. Datu ofizialen arabera, Kataluniaren azalera bera du azken egunotan suteek txikitu dutena. Hondamendia iragarri dute ekologistek.

Errusiako agintariek diote ez lukeela inolako zentzurik izango sute horiek itzaltzeko horrenbeste baliabide bideratzeak, kiskaltzen ari diren basoak ia inor bizi ez den lekuetan baitaude. Eta oso urruti, gainera. «Kontrol eremuak» deitzen diete Gobernukoek sutan dauden lurrei.

Greenpeace nazioarteko talde ekologista ez dator bat. Moskuri gogorarazi diote suteak jadanik ez direla tokiko arazo bat, «hondamendi ekologiko nazional» bihurtuta daude-eta.

Oso azalera handiko basoak suntsitu ditu suak Siberian, eta zirkulu polar artikoaren barruan dauden Alaskako lurretan ere inoiz baino sute gehiago dute aurten. Errusiari dagokionez, hiru milioi hektarea kaltetu dituzte garrek. Keak hodei handiak eragin ditu eta Ural mendietara ere iritsi dira dagoeneko.

Ekologistek gogorarazi dute ke hori oso kaltegarria dela gizakiontzat, atmosferara karbono dioxido kopuru ikaragarriak isurtzeaz gain. Beraz, egungo krisi klimatikoa larriagotzen ari da suteen eraginez.

Siberiako hirietan asteak daramatzate ke beltzak inguratuta bizitzen. Usain garratza, herritarrei arazo bat egon badagoela gogora ekartzeko.

Inor bizi ez den eremuetan suteak hastea urtero gertatzen den fenomenoa da Siberian, baina aurtengo garrak ez dira betikoak, handiagoak baizik, eta horrexegatik adituek diote ingurumenean eragin handia izango dutela.

Astelehenean 3,2 milioi hektarea zeuden sutan, batez ere Shaka (lehen Jakutia), Krasnoiarsk eta Irkutsk-eko eskualdeetan.

Suteak trumoi-ekaitzek eta normala ez den beroak (30 gradura iristen dira) eragin ditu. Uztaila oso beroa izan da leku horietan eta indar handiko haizeak sua hedatu du.

Basoetako Errusiako Agentzia Federalak adierazi du sute horiek inguruko eskualdeak ere kaltetu dituztela.

Horien keak eragin du ehunen bat herritan larrialdi egoera deklaratzea. Tomsk eta Altai hiri handietan ere larrialdi egoera dute. Baita Jekaterinburgen eta Txeliabinsken ere. Aireportuen jarduera ere kaltetu dute suteek eta keak.

«Errusiako ekialdeko basoetako suteen egoerak aspaldi utzi zion tokiko arazo izateari eta herrialde osoko hondamendi ekologiko bihurtuta dago», adierazi dute Greenpeacekoek. Erakundearen arabera, aurten hamabi milioi hektarea kiskali dira eta karbono dioxidoaren isurketak izugarriak dira. Baso horiek desagertzean, zuhaitz horiek xurgatu behar zuten karbono dioxidoa xurgatu gabe geratuko da. Pixka batean bederen.

«Gainera, elurraren eta izotzaren gainean erortzen den kedarraren arazoa dago. Elurra eta izotza urtu eta ilundu egiten ditu kedarrak, eta beroa islatzeko bere gaitasuna murriztu egiten da», esan berri dio France-Presse agentziari Munduko Meteorologia Erakundeak.

Permafrosta

Zientzialariek sare sozialetan eman dituzte argitara NASAko sateliteek hartutako irudiak. Suteetatik abiatzen diren ke zutabeak beldurgarriak dira. Ozeano Artikora ere iristen da kea.

Grigori Kuxin Greenpeaceko adituak nabarmendu du kedarrak eta errautsek Artikoaren lurmentzea bizkortzen dutela. Baita permafrost-arena, alegia, udan izoztuta mantentzen den lurzoruarena, ere. Berotegi efektua eragiten duten gas asko askatzen dira prozesu horretan, guztion kalterako. «Suteek kliman duten eragina oso handia da, hiri handiek egiten dituzten isurketen parekoa. Eta horretxek suteak eta beroketa globala larriagotzen ditu: suek zenbat eta gehiago kaltetu klima, orduan eta sute berri arriskutsuagoak izateko baldintza hobeak sortzen dira», esan du adituak.