Asier AIESTARAN
Arrauna

Hiru euskal talde joan dira Galiziara

Zierbena, Santurtzi eta Donostiarra izango dira euskal ordezkariak MeirakoEspainiako Txapelketan. Emakumezkoen euskal trainerurik ez da egongo.

Zierbena, Santurtzi eta Donostiarra izango dira azkenean gaur eta bihar Meiran ospatuko den Espainiako Traineru Txapelketan parte hartuko duten euskal ordezkari bakarrak. Inolako diru saririk ez egoteak berriz ere ezbaian utzi du berez goi mailako lehiaketa beharko lukeena.

Gizonezkoen lehian zortzi ontzik eman dute izena. Aspaldiko partez estropada Galizian egiteak erraztu du, hiru euskal traineruekin batera, bost galiziarrek izena ematea: Ares, Samertolameu, Tiran, Mecos eta Vilaxoan. Hala ere, deigarria da Eusko Label Ligan dabilen ontzi galiziar bakarrak, Cabok, ez parte hartzea. Antza denez, ligak hartzen duen atsedena entrenamendu onak egiteko baliatu nahi dute.

Eta emakumezkoetan ere egoera penagarria da, Galiziako hiru traineruk bakarrik hartuko dutelako parte: Mecos, Riveira eta Tiran. Galiziako Ligan aritzen diren hiru ontzi dira, hori bai, eta ohituta daude Espainiako Txapelketan egin beharko duten 5.556 metroko ibilbidea (hiru itsas milia) osatzera.

Gizonezkoen sailkapen estropada gaur 18.00etan egingo dute, eta finalen txanda bihar 11.00etatik aurrera izango da, lehenik kontsolaziokoa eta ondoren dominen borroka.

Euskal Herrian bi hitzordu

TKE Ligak atsedena hartzen duen honetan, begirada KAE eta ETE Ligetan ipintzeko aukera ere izango da. KAE1 Ligak, esaterako, bi hitzordu ditu asteburuan. Gaur Camargoko XXVII. Bandera ipiniko da jokoan 17.45ean hasita, eta bihar 12.00etan Getariako X. Estropada iritsiko da. Hamaikagarren eta hamabigarren jardunaldiak izango dira, eta behin hauek pasata, bost proba baino ez dira faltako egutegia amaitzeko.

Sailkapenean Zarautz dago lehen postuan 113 punturekin eta Deustu da bigarren 105ekin. Badirudi hirugarren postuan dagoen Getaria urrun dagoela, 90 punturekin, baina getariarrek sekulako maila erakutsi dute azken estropadetan eta bihar ere poz bat eman nahiko diete etxeko proban herriko jarraitzaileei. Donostiarra B ere, laugarren 87 punturekin, denboraldi bikaina osatzen ari da.

Eta gaur beste estropada bat ere badago Pasaian: ETE Ligako VIII. Ikurrina eta KAE2 Ligako XXXV.a. Emakumezkoen lehiak emango dio hasiera egunari 11.00etan eta ondoren, 11.45 inguruan, gizonezkoen txanda izango da. Erlojupeko formatuan jokatuko da, bost eta sei ontziko bi txandetan, eta ontziak binaka irtengo dira. Pasai Donibaneko eremu berezia erabiliko da: emakumezkoek bi luze eta bi ziaboga bete beharko dituzte, gizonezkoek lau eta lau.

ETE Ligan Hibaika da lider 88 punturekin, Zumaiak 87 ditu eta Deustuk 74. KAE2 Ligan Orio B doa aurrena 80 punturekin, Castrok 77 ditu eta Getxok 63.