2019/08/07

Kronika
PORTUKO EMAKUMEEN LANBIDEAK
ARRAINA PORTURATUTA, ENPAKATZAILE OFIZIOAK EMATEN DIO IZAERA

SATURRARANEN DAUKAGU BEGIRADA URRUNA BISITA HASI DENEAN. PORTUKO EMAKUMEEK BEREN OFIZIOA ERAKUTSI DIGUTE, ONDARROARENTZAT ARRANTZAK ZENBATERAINOKO INDARRA DUEN AZALDUZ. IZAERA EMATEN DION INDARRA. TAMALEZ, BEHERANTZ JARRAITZEN DU, ETA IGARRI DUTE 40 URTEZ ENPAKATZE LANETAN ARI DIREN DIZ ETA PIñEIROK.

Ane URKIRI ANSOLA
0807_eg_ondarru

HIRU OFIZIO


Neskatilak, enpakatzaileak eta sare konpontzaileak dira arrantza sektorean normalean emakumeek landu izan dituzten ofizioak. Ondarroan jada ez dago neskatilarik, hiru baxurako ontzi baino ez daudelako. Bermeon, aldiz, 18 neskatila daude eta beraiek antolatzen dituzte bisitak.

BISITA GIDATUAK


Ondarroako turismo bulegora deitu behar da bisita gidatuetan interesik izanez gero. Hasieran ostiraletarako antolatu zuten, baina orain taldearen beharren arabera moldatu daitezke. Bisitak 4 euroko kostua du; 8 euroren truke pintxoak dastatzeko aukera eskaintzen dute.

Gauez egiten dute lan enpakatzaileek, iluntzetik goizaldera arte, arraste ontziek harrapaturikoa sailkatzen; goizean goiz, erosleentzat prest utzi behar dute arraina.

«Arrantzaren sektorean emakumeen lana ezinbestekoa izan da betidanik». Horixe ondorioztatu daiteke Ondarroako portuan hasi eta alde zaharrean bukatu den ibilaldia egin ostean. Merkatuko sarreran hala gogorarazten digu herriko arte eskolako emakumeek eginiko marrazkiak ere: gizonak itsasontzian eta lau emakume, otzarak arrainez beteta, herrira eramaten, oinez.

Ondarroa, hondar ahoa da. Eta Ondarroa arrantzale herria da. Heldu bezain pronto, hegaluzearen kuotaren inguruko solasaldiarekin topatu gara, ondoren portuan lan egiten duten emakumeen ofizioan barneratzeko. Portu sarreran dagoen errotondan beraien omenezko hiru eskultura daude: neskatila bat, ‘enpakatzaile’ bat eta sare konpontzaile bat agertzen dira. Eta hiru ofizioak erakusteaz gain, «etorkizuna, indarra eta esperientziaren isla dira». Hiru ofizio hauek federazio bat osatu zuten, «indartzeko eta era antolatuago batean funtzionatzeko».

Ondarroan ez dago neskatilarik –«Bermeon badaude, 18 inguru, eta hauek ere animatu dira bisitak eskaintzera»– baina enpakatzaileen elkartea daukate, 20 emakumek osatua, eta baita sare konpontzaileak ere.

«Gauez egiten dugu lan, iluntzetik goizaldera arte; goizean goiz, arraina erosteko prest egon behar da». Amaia Diz eta Isaura Piñeirok kontatu digute. Enpakatzaileak dira, 15-16 urte zituztela hasi ziren lanean, familiari esku bat botatzeko; 40 urte pasa dira eta ofizio berean jarraitzen dute. Gogoko dute, nahiz eta badakiten gero eta etorkizun gutxiago dagoela arrantza sektorean.

Orain, udaran, arraste ontziak langabeziara joan dira eta hori lehen ez zen gertatzen. Lehen, urte guztian zegoen lana, egunero; hortaz, ulertzen dute gero eta gazte gutxiago egotea behar hauetan: «Lehen, udan xox batzuk irabazteko aproposa zen, asko irabazten zen; orain, ordea, ez dago ziurtasunik». Ondarroako enpakatzaile gazteenak 30 urte ditu eta gainerakoak 45 urtetik gorakoak dira.

«Banandu beharrez gero, ezingo nintzateke bizi enpakatzaile gisa irabazten dudan soldatarekin», dio irmotasunez Dizek. Autonomoak dira, beraiek ordaindu behar dute Gizarte Segurantza eta beraz, gastuak handiak dira. Hala ere, gustuko dute eta igartzen zaie portutik hara eta hona ibiltzean.

40 urteko ezagutza

Orioko bapore batek bota du txikota Ondarroako portuan; Getarian jarduera gelditu egin baita jaiengatik. «30.000 kilo hegaluze harrapatu dute», zehaztu digu Dizek, eta Piñeirok bi arrantzalerengan jarri du arreta, hegaluzea kiloka banantzen ari dira-eta: «Guk antzerako zerbait egiten dugu, baina espezie askorekin».

Pisuaren arabera sailkatzen dute arraina, alturako ontziek ekarritakoa. Egunean –hau da, gau bakar batean–, batez beste 4.000 kaxa txiki eta 300 kaxa handirekin lan egin behar izaten dute; normalean, legatza eta zapoa edukitzen dute.

«Kaxa handietakoak inondik ere sailkatu gabe datoz itsasontzitik, eta banan-banan pisatu behar izaten ditugu, ondoren guztiak antolatuta edukitzeko. Erosle bat datorrenean jakin egin behar du zer erosten duen, eta beraz, txukunduta utzi behar izaten dugu», azaldu digute.

Kaxa txikiak, ostera, sailkatuta datoz, baina, halere, izotza kendu eta arraina pisatu egin behar izaten dute. Guztia zehaztuta izateko eroslearentzat. «Itsasontzietan arrantzaleek ez daukate leku handirik, ezta denbora gehiegirik ere sailkatzen hasteko», diote, eta horregatik daude enpakatzaileak.

Izen asko aipatu dituzte. Zapoa ez baita zapoa bi kilo eta erdi ez baldin badu; eta legatzarekin ere antzerako zerbait gertatzen da. Merkatuak agintzen du beti eta merkatuko prezioaren arabera, zehaztasun gehiago izaten saiatzen dira: «Legatza prezioz ondo baldin badago, esaterako, banan-banan pisatzen dugu; hala ez baldin bada, eskutan edukita gutxi gorabehera badakigu zenbat pisu duen». 40 urtez ofizioan aritzeak askorako ematen du. Zapoa zuria edo beltza den ere aurpegia begiz jota badakite eta aholku bat ere eman digu: «Arrain zopa egiteko, hobe zuria; kozinatzeko, plantxan edo labean, beltza erostea komeni».

Arrantzako emakumeak dira. Bizi egiten dute portuko egunerokoa. Arrantzale galiziarren alabak dira. Ezagunak dituzte nonahi eta sailkatzen egiten duten lana funtsezkoa da merkaturako, saltzeko eta kontsumitzaileoi zer jaten dugun zehazteko. Orain, galdera litzateke ea axola zaigun guri zer arrain kontsumitzen dugun; baina horrek beste pasarte bat merezi du.

«Neskatilak, enpakatzaileak eta sare konpontzaileak betidanik egon dira. Alaba bere ama edo izebarekin joaten zen portura laguntza behar zenean. Eta kontuan hartu behar da, gizonak itsasoan zeuden bitartean, etxea eta seme-alabak ere aurrera atera behar izaten zutela; itsasontzia lehorrera heldu orduko, portuan egoteaz gain». Hala hazi dira Piñeiro eta Diz, eta badakite zertaz ari diren. Arrantzaren sektorea ez baita amaitzen arraina portura jaisten denean, prozesu luzea dator gero eta emakumeen kemenak zeresan handia izan du.

Turrunaren esentzia

Ez dakigu noiz arte iraungo duten ofizio hauek, baina oraindik funtsezko izaten jarraitzen dute portuko lanean. «Lehen, Ondarroan, 120 arraste ontzi zeuden; orain, 22 geratzen dira. Baxurakoak, hiru bakarrik daude gaur egun». Jarduera gutxitu da eta GALP elkartetik (arrantza-eremuen garapen jasangarriaren aldeko taldea) ohartarazi zieten «eraberritu egin behar zirela», udan lan handirik ez zegoela ikusita. Hala, Ondarroan Diz eta Piñeiro animatu dira bisita gidatu hauek eskaintzera.

Casalarreinako (Errioxa) taldetxo batek jada bizi izan du esperientzia, eta ondarroar hauek emandako azalpen guztiek beren esperientzian dute oinarria. Portu zaharra ezagutu zuten. Zubi zaharraren alboan zegoen eta merkatuaren gainean, kofradia: «Orain ezkontza zibilak egiten dira bertan».

Gogoratzen dute baita elizaren horma bakoitzean txikota botatzen zutela itsasontziek eta oraindik egiaztatu daiteke, bertan baitiraute harri eta eraztunek. Calatravaren zubia egin aurretik zegoen hondartza txikia ere erakutsi digute argazki zahar batean. Orain, Calatravaren zubiaren erruz portuko mugimendua urrundu egin da Alamedako parajetik.

Portuko bistak ez baina oraindik Ondarroak gordetzen du hain berezi egiten duen turruna. Horrek iragartzen du itsasontzien iritsiera, baita zer arrain mota dakarten ere. Bakarra, hegaluzea bada; bi, berdela edo txitxarroarekin; eta hiru, antxoa datorrenean. «Hiru baino gehiago joten badu, zerbait larria ari da gertatzen herrian», diote barrez. Badakite orain ez duela ezertarako balio, «mugikorretik abisatzen da-eta, baina joten duen bakoitzean niri sabelean zerbait mugitzen hasten zait», onartu dute. Arrantzako emakumeak dira eta beraien ofizioan ahaldundu dira.