2019/08/11

Pentsioen gastua inoizko handiena dela baieztatu du Europako Bankuak

«Pentsioak gobernuen kargarik handiena dira». Europako Banku Zentralaren hitzak dira. Pentsioak gastu sozialaren parte handiena direla, maximo historikoetan daudela eta, erreformarik egin ezean, hazten segituko dutela ohartarazi du bere azken buletinean.

GARA|DONOSTIA
0811_eko_pentsiodunak

Europako Banku Zentralak azaldu du pentsioen gastua, «gastu sozialaren zatirik handiena», maximo historikoetara iritsi dela eta, erreformarik egiten ez bada, hazten jarraituko duela. Bere azken buletin ekonomikoan, joan den ostegunean kaleratutakoan, hala nabarmentzen du: «Pentsioak kargarik handiena dira gobernuentzat».

Zehazki, «inpakturik handiena baby boom belaunaldiak erretiroa hartzen duenean» gertatuko dela agertzen du, «2040 inguruan euroguneko herrialde batzuetan, eta geroago beste batzuetan».

Buletinak dioenez, eragina bereziki nabarituko dute banaketa sistemarekin antolatutako pentsio publikoak dituzten herrialdeetan. Belaunaldien arteko parekidetasuna lortzeko arazoak izango dituztela dio bankuak, kotizatzen dutenen eta onuradunen ratioa jaisten ari delako.

Gehiago aurreztu

Europako Banku Zentralak erantsi duenez, zahartzearen ondorioz osasuneko gastuak gora egingo duela aurreikusten dute, baita lan eskaintzak, hazkundea eta berrikuntza murriztuko direla ere. Herritarrek, zuhurtziaz, gehiago aurreztea ere ekarriko du zahartzeak, bankuaren ustez.

Buletinean agertzen denez, euroguneko herrialde gehienetan pentsio sistema publikoak oso garrantzitsuak dira; aldiz, Herbehereek eta, neurri txikiagoan, Irlandak zutabe pribatu inportante bat dute.

Gastu publikoaren %70

«Herrialdeek gastu sozialaren jasangarritasuna ziurtatuko duten politikak eta erreformak bilatu beharko lituzkete, bereziki herritarrak zahartzen ari direla eta ondorio ekonomiko negatiboak gerta daitezkeela ikusita», gomendatu du bankuak. Dioenez, gastu soziala etengabe hazi da 2001. urtetik, nahiz eta BPGaren portzentajean aldakor ibili krisi garaian.

2017. urtean euroguneko gastu sozialak gastu publiko osoaren %70 inguru hartu zuen batez beste, eta BPGaren %31 edo 3,5 bilioi euro.

Babes soziala da, bankuak nabarmendu duenez, euroguneko herrialdeetako gastu publikoaren zatirik handiena hartzen duena. Batez beste gastu publiko osoaren %42 hartzen du, eta BPGaren %20.

Herrialdeen arteko aldeak

Herrialde batetik bestera, ordea, asko aldatzen da babes soziala, Europako Banku Zentralak bere azken buletinean jasotzen duenez. Adibidez, gastu publiko osoaren hirurena bideratzen da babes sozialera Maltan eta Letonian; gutxi gorabehera erdia, Finlandian eta Alemanian.

Herrialde guztietan pentsioen gastua da handiena. BPGaren %12,4 hartzen du, batez beste. Jarraian datoz eritasunak eta ezintasunak, familia eta umeak, langabezia eta etxebizitza soziala.

«Euroguneko herrialde ugaritan pentsio sistemak aldatu dituzten arren, pentsioak Gobernuen kargarik handiena dira», azpimarratu du Europako Banku Zentralak.

Gizartea zahartzearen ondorioak banaketa sistemak dituzten herrialdeetan bereziki sumatuko direla nabarmendu du bankuak eta Estatu espainola da horietako bat. Bertan belaunaldien arteko parekidetasuna zaintzeko arazoak egon daitezkeela ohartarazi du txostenean.

Horren aurrean, «koltxoi fiskalak» jartzea aholkatu du, baita «gizarte segurantzako sistemen iraunkortasuna sustatzen duten erreformei buelta emateko joerari kontra egitea ere». Gainera, estatuko mekanismoak bultzatzeko behar diren erreformak egitera animatu du.

«Osasun sistemak sostengarriak izateko beren eraginkortasuna handituko duten neurri berriak hartzea beharrezkoa izango da», dio entitateak. Gastu sozialaren kategoria guztietan esleipenak eta erabilera efizienteak hobetzen segitzera ere bultzatzen ditu gobernuak.

Hezkuntzara behar beste baliabide bideratzen den arretaz zaindu behar dela ere agertzen du buletinean, «sektore honetako gastuak epe luzera hazkunde ekonomikoan eragin positiboak dituela frogatuta baitago».

«


BABY BOOM


»


«Zahartzearen eraginik handiena ‘baby boom’ belaunaldia erretiratzean sumatuko da, 2040 inguruan euroguneko herrialde batzuetan eta geroago beste batzuetan», dio Europako Banku Zentralak txostenean.