2019/08/13

Euskal pentsiodunek eskaera egin diote Sanchezi, bileren txandan sar ditzan

«Eragile sozial» diren heinean, bilera edo kontaktuen txandan sartzeko eskatu diote Bilboko pentsiodunek Pedro Sanchezi, Estatu espainoleko jarduneko presidenteari. Eskaera lehendik egina dutela eta erantzunaren zain daudela onartu zuen atzo Andrea Uña bozeramaileak.

GARA|BILBO
0813_eko_pentsiodunak

Bilboko udaletxearen aurrean elkartu ziren pentsiodunak asteleheneko hitzorduari hutsik egin gabe. Eskari zuzen eta zehatz batekin hasi zuten mobilizazioa. Estatu espainoleko jarduneko presidente Pedro Sanchezi eskatu diote bere bileren txandan sartzeko euskal pentsiodunen mugimendua; hau da, beraiekin elkartzeko.

Eskari honen jatorria Sanchezen adierazpenetan dago. Izan ere, eragile sozial guztiekin elkartuko zela ziurtatu zuen, bere inbestidurako programa proposamena osatzeko. Bada, pentsiodunek erronka jarri diote mahai gainean: euskal pentsiodunen mugimendua «eragile sozial gisa» onartzea, beraiekin batzea eta, hala, egin zuen promesa betetzea.

Andrea Uña bozeramaileak jakinarazi zuen PSEren egoitzetan utzi dutela eskaera eta oraindik erantzunaren zain daudela. «Baiezkoa espero dugu, 85 astelehen eta 19 hilabete daramatzagu kalean eta uste dut gizartearen pertzepzioan mugimendu sozial bezala gaudela; gure aldarrikapenak kontuan hartu behar direla uste dugu».

Era berean, Espainiako Gobernua oporretan egotearekin kexu agertu ziren, «herria dagoen bezala utzita, gobernurik gabe, eta apirilaren 28tik beraien soldatak jasotzen».

Datorren astelehenean, hilaren 19an, berriro mobilizatuko dira. Bilboko Aste Nagusia aprobetxatuz, hiriburuan manifestazioa egingo dute pentsio duinak aldarrikatzeko. Gizarte osoari helarazi diote parte hartzeko deia.

Asturias eta Kantabriako pentsiodunak ere bertaratuko dira, autobusez. «Kalean egoteko eguna izatea nahi dugu; ia bi urte pasa dira eta eginiko promesak betetzeko ordua da. Ezin dugu onartu hurrengo urtarrilaren 1eko pentsio igoera %0,25ekoa izatea», adierazi zuen Uñak.

Donostian, bestalde, Alderdi Ederreko pentsiodunen asanbladak ere aldarrikapen eguna antolatu du Aste Nagusian. Iaz bezala, barrikotea egingo dute Sagüesen, ostiralean. Sagardotan prestatutako txorizoak eskainiko dituzte eta herritarrei bertara hurbiltzeko deia egin diete: «Jaiak baliatu nahi ditugu gure borroka eta gure aldarrikapenak agerian uzteko».

85 ASTELEHEN


Bizkaiko pentsiodunek 85 astelehen eta 19 hilabete daramatzate kalean mobilizatzen. Horregatik, hain zuzen, eragile sozial gisara ikusten dute beren mugimendua.