GARA
IRUÑEA

Nafarroako lehen indarra izaten jarraitzen du UGTk, %25eko ordezkaritzarekin

Nafarroako azken hauteskunde sindikal kontzentratuetan garaile atera da UGT. 1.560 delegaturekin, ordezkaritza osoaren laurdena eskuratu du eta Chiviteren gobernuarekin kolaboratzeko prestasuna azaldu du.

Azken hauteskunde sindikal kontzentratuetan garaile atera dela aldarrikatu zuen Nafarroako UGTk. 2018ko irailaren 1etik 2019ko ekainaren 30era bitartean egin da bozketa prozesua eta UGT Navarra sindikatuak 1.560 delegatu eskuratu ditu. Honek esan nahi du ordezkaritzaren %25,41 duela; hau da, laurdena. Lehen indarra izaten jarraitzen duela-eta Maria Chiviteren gobernuarekin kolaboratzeko prestasuna azaldu zuen.

Bigarren postuan dago CCOO, 1.462 delegaturekin eta %23,81eko ordezkaritzarekin; ELAk %22,84 eskuratu du eta LABek, %16,76. Datuak esku artean izanda, UGTko Antolakuntza idazkari Augusto Paredesek esan zuen CCOOrekiko «distantzia handitu» duela bere sindikatuak eta, beraz, baieztatu egin dela UGTren goranzko joera.

Hauteskunde sindikal kontzentratuak hasi aurretik baino 31 delegatu gehiago ditu egun.

Nafarroako Gobernuaren politika ekonomiko eta sozialaren programa osatzeko prest dagoela adierazi zuen UGTk eta, beraz, kolaboratzeko nahi hori helarazi diotela Maria Chiviteri.

Elkarrizketa Sozialaren Batzordea berrabiaraztea eta «anbizio handiko» Enplegu Plan bat egitea funtsezko iruditzen zaio UGTri. Hala ere, oraindik ez direla lantzen hasi onartu zuten.