Arnaitz GORRITI
Arrauna

Castroko zita hirukoitzak ETE Ligan desenpatea jarriko du

Arraunketa eremu xelebrea izango da, sei kalerekin eta ziaboga bakarrarekin.

Hiru estropada falta dira ETE Liga amaitzeko, eta ezin parekatuago dago sailkapen burua: 118na punturekin berdinean daude Hibaika eta Zumaia. Hirugarren doan Tolosaldeak 96 puntu ditu, baina ez dirudi Euskotren Ligarako play-offetara sailkatzeko aukerarik duenik.

Mailaz igotzeko kanporaketei begira, berdin dio ETE Ligan aurreneko edo bigarren amaitu. Alabaina, play-offetara begira, aurreneko amaitzen duenak bultzada berezia izan lezake bere alde. Desenpateari begira, ikusi egin behar gaur eguerdiko Castroko arraun eremuan zer jazotzen den; sei kale eta ziaboga bakarra izango ditu, eta bada, akaso taldeengan arazo berriak sortuko ditu.

Emakumeen proba 11.45ean hasiko bada, 12.25ean hastekoak dira KAE1 eta KAE2 Ligetako estropadak –guztiak ETBk zuzenean eskainiak–. Uneotan Zarautz eta Orioko B trainerua dira, hurrenez hurren, KAE1 eta KAE2ko lider sendoak. Estropada eremuak, alabaina, eraginik izan lezake sailkapenetan.

TKE Ligari dagokionez, berriz, Astillero taldeko Elisabeth Carral presidenteak irailaren 1ean dimititu egingo duela adierazi zuen atzo.

Diru arazoek jota, Astilleroko plantilla guztia ere kluba uzteko prest azaldu da. Uneotan Kantabriako kluba TKE Ligako azken-aurrekoa da eta maila galduz gero, bertan behera geratzeko arriskuan legoke. Gogoan izan Astillerok TKE Liga 2003. eta 2005. urteetan irabazi zuela.