Ane URKIRI ANSOLA
PIRATA GAZTEEN EGUNA

NEKEAK NEKE, GAZTE SENTITZEN DIRENEI ESKER FLAMENKAN GIROAK BIZIRIK DIRAU

OSTIRAL ARRATSALDEA. HILAREN 16A DA, BAINA BADIRUDI ITALIAN HAIN OSPETSUA DEN JAIEGUNA DELA: FERRAGOSTO. TURISTA GEHIAGO DABIL KALEAN, DONOSTIARRAK BAINO. KONTXA HONDARTZA TOPERA, PARTE ZAHARRA GAINEZKA... ETA FLAMENKA? ESPERO BAINO GAZTE GUTXIAGOREKIN, BAINA POLIKI-POLIKI GIROA SORTZEN.

Zer da gazte izatea? Hori galdera hori. Izan daiteke kalean bazkaltze hutsagatik janariari gehiegi erreparatzen ez dion hori. Edo aurreko gauean parranda egin arren ere eguerdirako zutik dagoen hori. Akaso, azken definizio hau egokiagoa da eta Eskifaia gazte-kofradiako Nereak GARAri azaldu zion legez, «espero baino jende gutxiago etorri da; ajeari buelta ematen egongo dira, agian».

Arratsaldeko laurak dira eta Ferragosto jaia dirudi. Donostiarrak –edo piratak– oso gutxi daude; kanpotarrak dira nagusi, argi eta garbi. Ikusi ditugu bat-batean hiru pirata, geroxeago beste bi eta metro batzuk harago beste bi. Sakabanatuta, noraezean bezala. Aste Nagusiko zazpigarren eguna da eta derrigor nabaritu behar eragina, gazte izan edo ez. Gazte sentitu edo ez.

“Bingo al deu” jolasa prestatzen hasi eta aurkezpen lanetan ari den Kantauri Kofradiak zera bota du bertsotan: «Edozein txalekorekin etorri zaitez gurera, bakarrik ezin duguna egingo dugu elkarrekin; egingo dugu elkarrekin edozein txalekorekin». Eta txalekorik gabe ere bai; esan bestela EHZ Festibaleko kideei, mugimendu ezberdinen elkartasunak ere garrantzia izan baitu pirata gazteen egun honetan, edo gazte sentitzen diren piraten egunean. Guztiak dira ongi etorriak.

Kofradien arteko lana

Elkartasun uholdea, ordea, zoritxarreko gertakizunen ondotik sentitu zuten piratek. Asteazkenean izan zen, aurreko gauean piraten «gune morean» sei sexu-erasoren berri jaso zutenean, alegia. Asteazkenerako prestatutako egitaraua bertan behera utzi zuten eta, berez, Kofradien Eguna izan behar zuen. Egitaraua alboratu arren, eguna bera «benetan izan zen Kofradien Eguna. Asko batu gintuen, hartu ziren erabaki guztiak asanbladen bitartez hartu ziren eta elkartasun handia sentitu genuen, kofradien aldetik zein kanpoko pertsonengandik».

Ostegunean normaltasun apur bat itzuli zen Flamenkara, baina atzo arratsean beste manifestazio bat egin zuten, azken sexu-erasoak salatzeko. Zoritxarrez, egunotan gehien entzun den gertakizuna izan da. Bukaerako balorazioak esango du zer nolako jaiak izan diren, baina zaila izango du nota ona lortzea.