Andres OSA «SAKONA»
HERRI KIROLAK

Izar handirik ez, baina herri kirol apalak agerian Bilbon

Bilboko Aste Nagusian herri kirolek beren tartetxoa izango dute asteazkenetik.

Bilboko jaietan herri kirolek badute beren lekua eta maila. Asteazkenean izango dute hasiera, Amezolan. 19.00etan Bizkaiko Lasto Altxatze Txapelketa jokatuko da. Parte hartzaileak zazpi izango dira: Beñat Amade, Jon Loiola, Unai Ardeo, Ousmane Drame, Joseba Legarreta, Bingen Erleaga eta Jokin Egia. Ondoren Bizkaiko Herri Kirol Ligaren txanda izango da: trontza, aizkora, harri jasotzea, txinga eroatea, ingudea, lasto altxatzea, lokotxak eta zaku eramatea.

Ostegunean, Emakumeen Harri Jasotze Txapelketa jokatuko da, 12.00etan. Partaideak, Karmele Gisasola Zelai III.a, Julia Martinez eta Rakel Martin. Izango duten lana hiru minutuan 75 kiloko zilindro zaharra eta beste hiru minutuan 62 kiloko borobila.

Larunbatean, 12.00etan, Bermeoko Lasuen HKT eta Arratzuko Piratak HKT taldeak erlojuaren aurka arituko dira, honako modalitateetan: aizkora, harri jasotzea, txinga eroatea, ingudea, lasto altxatzea, zaku eramatea, lokotx bilketa eta trontza.

Sega txapelketa Austrian

Austriako Sharding herrian sega txapelketak jokatu dira duela egun batzuk eta bertan euskaldunak ondoren datozen nazioen aurka aritu dira: Suitza, Alemania, Hego Tirol, Eslovenia, Eslovakia, Txekia, Britania Handia, eta Austria. Shardingo txapelketan txukuntasuna eta azkartasuna hartzen dituzte kontuan eta, euskaldunei dagokionez, emaitzak aski onak izan dira. Txapelketaren antolakuntza ere bikaina izan da.

Neska gaztetxoenetan, Izadi Arrospide seigarren izan da. 14 urteko mutikoen artean Josu Mendizabalek bigarren postua lortu zuen eta Auritz Alkortak laugarrena. Emakumezkoetan Alaitz Imazek 13. postua lortu zuen, eta, gizonetan, Jexusmari Goenagak 26. izan zen. Ohartarazi behar da iaz irabazlea izan zen segalariak aurten 25. postua lortu duela. Partaidetza ikaragarria izan da, aspaldiko urteetan izan den onenetarikoa.

Orbegozo eta Polanko finalera

Ezkurran jokatu da Euskal Herriko Hirugarren Mailako aizkolarien lehen kanporaketa, 11 partaiderekin. Guztira hiru izango dira. Finalerako bi aizkolari behar ziren eta Xabier Orbegozo Arria V.a irabazlea eta Luis Polanko arabarra izango dira.

Bestalde, Nafarroako Bigarren Mailako aizkolarien txapelketako kanporaketa Arantzan jokatu da. Finalerako bost hauek sailkatu dira: Jesus Etxeberria, Patxi Mindegia, Xuban Kañamares, Goizeder Belza eta Mikel Indakoetxea.

Amondarain nagusi Burlatan

Asteburuan jokatu da Nafarroako Hirugarren Mailako aizkolarien finala ere. Irabazlea Arribeko Txomin Amundarain izan zen, eta 45 ontzako bi enborrak eta bi kanaerdikoak ebakitzen 10.19ko denbora behar izan zuen. Bigarren Juen Olano izan zen (Leitza, 10.43), hirugarren Ibai Soroa (Arribe, 13.17), laugarren Victor Suarez (Navacerrada-Madril, 14.27), eta, bosgarren, Eneko Pagola (Anotz, 18.42).

Lokotx bilketa

Etxalarren jokatu da Nafarroako Gizonezkoen Lokotx Biltze Txapelketa. Txapelduna Unai Iantzi (Aniz) izan da, 6.24ko denborarekin, eta, ondoren, Imanol Kañamares (Arostegi), Aitor Blanco (Txantrea), Gaizka Arbizu (Berriozar) eta Iñaki Cestau (Iruñea) sailkatu dira.

Mallabian, Sari Sendoa

Mallabian urtero egiten den Harri Jasotze Sari Sendoa jokatu da eta Mikel Lopetedi Urra izan da 100 kiloko zilindro zaharra eta 100 kiloko borobila erabilita jasoaldi gehien egin dituena: 95.

Inhar Urrunzuno bigarren izan zen, guztira 93 jasoaldirekin. Hirugarren Mateo Colona, 83 jasoaldiarekin. Guztira zortzi harri jasotzaile aritu ziren.

Bizkaiko Sokatira Txapelketa

Amaitu da Bizkaiko Sokatira Txapelketa 600 kilotan. Irabazlea Goiherri izan da (5 puntu). Ondoren, Gaztedi A (4 puntu), Gaztedi B (3 puntu), Akelarre (2 puntu) eta Gaztedi C (1 puntu).