GARA
ERANDIO

Cables y Alambres enpresan 35 kaleratze salatu dituzte

Vicinay Taldearen parte den Cables eta Alambres enpresak «aldebakarrez erabaki» duen 35 langileren kaleratzea salatu dute LABek eta ELAk. Zuzendaritzak kontratuak azkentzeko enplegu-erregulazio espedientea martxan jarri du, eta horrekin, bi sindikatuek diotenez, «lanpostuak suntsitu nahi ditu», gainerako langileen «lan baldintzak murriztu» eta «industria proiektua eta etorkizuneko enplegua arriskuan jarri».

Ohar batean azaldu dute enpresak ez duela inolako industria planik aurkeztu, eta geroa oinarritzen duela «bermatuta ez dagoen behin-behineko finantziazioan». LABek eta ELAk alternatibak aurkeztu dituztela nabarmendu dute, borondatezko eta sustatutako irteerak, taldeko enpresetan birkokatzeak eta aurre-erretiroak adosteko.

Gogoratu dute Erandion, ibaiaren aurrean kokatuta, «bizitoki gune gisa izendatutako lurretan» dagoela enpresa eta «etorkizuneko birkalifikatze bat» dagoela «aukeran lur horietarako».

Benetako plan bat exijitu dute «higiezinen espekulazioaren mamua urruntzeko eta bideragarritasun ekonomikoa eta etorkizuna duen industria proiektu bat sortzeko».