2019/08/20

Kronika
G7
PREST DA «MUNDU BERRI BAT» NAHI DUTENEN KANPAMENTUA

G7 EZ! PLATAFORMAK ANTOLATUTAKO EKIMENETAN PARTE HARTUKO DUTEN PERTSONEI OSTATU EMANGO DIEN KANPALEKUAREN MUNTAKETA ATZO HASI ZEN. LAN EGITEKO GOGO BIZIZ, DOZENAKA LAGUNTZAILE BATU ZIREN LAPURDIKO KOSTALDEAN DAGOEN EREMU EDERRENETAKO BATEAN.

Haritz LARRAÑAGA
0820_eh_kanpina

Hendaia eta Zokoa lotzen dituen Erlaitzen errepidearen ondoan dago kontragailurrean parte hartuko duten pertsonei ostatu emango dien kanpalekua. Itsasbazterrean, zelai berde eta zuhaitz zaharrez inguratua, oporrak igarotzeko leku aproposa da Urruñako Bordaberri gunea.

Ordea, antolatzaileek ohartarazi zutenez, «hona ez gatoz bakantzetara, kide orok txandaren batean lagundu beharko du». Beste zailtasun bat garraioa izan daiteke, horregatik autobus zerbitzu iraunkorra antolatzeaz gain, 200 bizikleta alokatuko dituzte.

Giza harremanen gunea

Pasa den astean bi bider sartu ahal izan zuten eremuan G7 EZ! plataformako kideek, baina ofizialki, atzo eman zizkieten gakoak. Ondorioz, bazen zereginik kanpalekuan. Egun osoan aritu ziren adin guztietako laguntzaileak seinale panelak jartzen, instalazioak garbitzen, eremuak egokitzen eta bisitari berriei lau hizkuntzatan oharrak ematen.

Arratsalderako, guneak ongi sailkatuak ziren. Erdian harrera gunea, eta inguruan, bulego desberdinak; hala nola aholkularitza gela, sorospen gela, kinkila-gela eta sukaldea. Eraikineko bainugela eta garbigelez gain, kanpalekuko eremu desberdinetan dutxa eta komun gehiago jarri zituzten, eta gaualdietan irekiko duten txosnako garagardoa ere dastatu zuen lagun talde batek.

Estatu frantseseko ordezkariek ezarri dizkieten traba legal guztiak gainditu izana «lorpen bat» dela azpimarratu zuen Jakes Bortairu antolatzaileak: «Oso ohiko estrategia da, trabak jartzen dituzte etsipena gailendu dadin, baina ez dute lortu». Bortairuren iritziz, kanpalekua eremu garrantzitsua da, «kontragailurra amaitu ostean iraungo duten giza harremanak lantzeko gune egokia baita».