GARA
IRUÑEA

Barne-mundu txikiz jositako artelanak

Maite Canto Equisoainek «Nest (Habia)» erakusketa aurkeztu berri du. Irailaren 15era arte izango du ikusgai Iruñeko Ziudadelako Bolborategian eta, autoreak berak azaldu duenaren arabera, «nork bere inguruan sortzen dituen mundu txikiak» ditu ardatz. Erretxinak, erretxina ekologikoak eta beira-zuntz mota ezberdinak behatzen emandako bi urte baino gehiagoko sormen-prozesuaren emaitza da Iruñera ekarri duen erakusketa.

Maite Canto Equisoainen “Nest (Habia)” erakusketa, autorearen hitzetan, «nork bere inguruan sortzen dituen mundu txikiak» ardatz dituzten hamabost artelanek osatzen dute. Ez da hau Caantok Ziudadelara dakarren lehen erakusketa: orain dela bost urte ere izan zen bertan bere margoak erakusten, baina, Iruñeko Udaletik zehaztu dutenez, oraingoa «ezberdina» da, artistak margogintzatik hiru dimentsioko mundura egin duen jauzia irudikatzen baitu.

Autoreak berak eman zuen bere lanaren berri prentsaren aurrean. Azaldu zuenez, erretxinak, erretxina ekologikoak eta beira-zuntz mota ezberdinak behatzen emandako bi urte baino gehiagoko sormen-prozesuaren emaitza da erakusketa.

“Nest (Habia)” «nire aurreko garaiaren –piktoerliebeen– garapen formalaren emaitza da» eta nork bere inguruan dituen mundu txiki guztiak zedarritzen ditu. «Amaren umetokian gaudenetik guretzat eroso diren esparruen bila aritzen gara: familia, bikotea, lana, azturak... Hain egunerokoak, hain geureak non horien ahuleziak zein indarguneak ikusezinak bihurtu ohi baitzaizkigu», azaldu zuen autoreak. Gaineratu zuenez, «pertsonen arteko loturak dira, nolabaiteko indar-sarea, mundua benetan mugitu eta eraldatzen duen keinuaren bidez helarazia. Txundigarria, hauxe: habia bere izaera egonkor eta mugiezinarekin gatazkan dago, eta aldi berean, etengabeko mugimenduan, eraikitze-lanetan».

Kolorearen indarra

Artelanen ezaugarrietako bat kolorea da: «Kolore-uholdeak guztia hartzen du, energia hori guztia helaraziz». Horrela, obrek, gehienak kolore bakarra erabilita osatuak, «formen eta mugimenduaren indarra nabarmenarazten dute, eta, keinu bisualen bidez, sentimendu errealak transmititzen dituzte».

Koloreak eta irudiek helarazi nahi dituztenak bat datozela ere zehaztu zuen Cantok, «borobil zentrokideak ala geruzatuak, itxuraz hauskorrak, samurrak ala erasokorrak» izan daitezkeela nabarmenduz, eta artelanean «gauzak kontzeptu» bilakatzen direla ere esan zuen, «azalekoa baztertuz eta irudiak helarazi nahi dugun burutapenaren adierazpentzat hartuz. Horrela bada, dirudienez, artelan batzuek ikuslearengandik babesten dute beren burua; beste batzuek hura inguratzen dute, sehaskatzen, onartzen edo, besterik gabe –kanpokoaz axolarik gabe–, behatzen uzten diote».

«Txori-habia, erlekumeak, belarra, adarrak, neurona-loturak, korapilatutako olatuak, lore barne hutsak... Apurtutako egiturak, barnean ezer eduki ezinean. Erabilgarritasunaz gabeturik, bakarrik itxurazko edertasuna hartzen dute aintzat, beren betebeharretik aske, edozein perfekzio-izpitik urrun. Edozein gai sendotasun berberaz lantzen da; haizea, ura, lurra... ezer ez da irmoa, guztia mugitzen ari da etengabe», azaldu zuen.

“Nest”-en prozesuarekin batera eta askeago, Cantok “Shield (Ezkutua)” beira-zuntzezko artelana ere sortu du: «Areriotasunetik, beldurretatik, minetik... babesteko sortzen dugun edozer da. Esanahia axola gabe, kolorea eta egiturak nahasten dira, horiek organikoagoak izan daitezen. Bukatu gabeak, desegituratuak... dirudite, eta hortxe dago haien edertasuna».

“Nest” erakusketa irailaren 15era bitartean egongo da ikusgai, asteartetik ostiralera 18.30etik 21:.00etara, larunbatetan 12.00etatik 14.00etara eta 18.30etik 21.00etara, eta igande eta jaiegunetan 12.00etatik 14.00etara.