Haritz LARRAÑAGA
HENDAIA

Borroka eta mugimendu ugarik bat egingo dute Hendaiako Kaneta portuan

«Aste intergalaktikoa» izango da Hendaiako Kaneta auzoan dagoen portu txikian bihartik ostiralera. Bertan, Notre Dammes de Landesko ZAD eremuko kideek eraiki duten gunean, «borroken bateragarritasunaren filosofia» garatu nahi dute. Horregatik, norberaren kezkak aurkeztu nahi dituenari irekia egongo den gune bat izango dela azaldu dute antolatzaileek.

Lanak nahiko aurreratuak izan arren, oraindik logistika lanetan ari ziren atzo goizean berrogei bat lagun. Asanblada ireki bat ere izan zen, eremua nola kudeatu eztabaidatzeko, eta, artean, eguneroko pasealdia egiten zuten bisitariekin gurutzatzen ziren lanean ari ziren laguntzaileak. «Auzokideekin harremana oso ona izaten ari da», nabarmendu zuen bilkuran parte hartzen ari zen antolatzaileetako batek.

Gainontzeko guneekin alderatuta, Kanetakoa eremu irekiagoa dela esan daiteke, baina edozein eguraldiri aurre egiteko moduko logistika eraiki dute. Topaketa intergalaktikoek, beste guneekin alderatuz, izaera praktikoagoa dutela esan daiteke; beraz, eserita egoteko baino, zutik ibiltzeko eremu egokiagoa da. Gainontzeko eremuetan bezala, Kaneta portuan ere egitarau oparoa izango da egunotan.

«Euskal Herriko perspektibatik abiatuz, munduan ematen ari diren beste mugimenduekin bat egin eta desobedientziari bultzadatxo bat eman nahi diogu», azaldu zuen antolaketa lanetan ari zen Hartzea Lopezek.