Haritz LARRAÑAGA
HENDAIA

Euskal Herria «eraikitzeko» hitzordua Hendaiako Gazte Gunean

«Euskal Herria eraikitzera goaz» lemapean hiru egunez ahots propioa izango dute gazteek Hendaiako Gazte Gunean. Hitzaldi eta tailerren bidez, gazte ikuspegi batetik landuko dituzte haiek zuzenean pairatzen dituzten arazo eta auziak. Euskal Herri osotik gerturatutako gazteak elkarlanean aritu dira gunea atontzen, «guztia prest izan dadin».

Astelehen arratsaldean egin zituzten lan zailenak Hendaiako eskola publikoan eta Ikastolan Gazte Gunea eraiki behar zuten laguntzaileek. Berrogeita hamar bat gaztek hitzaldi eta tailerrak egiteko aretoak prestatu, ingurua garbitu eta seinaleak jarri zituzten. G7-EZ! plataformarekin partekatuko duten eraikinak logistika egokia eskaintzen duenez, atzo gunea apaintzea baino ez zen geratzen.

Eremu gehienak estalitakoak dira Gazte Gunean, baina kanpoaldean ekimenak egiteko leku aproposa ere badago. Edonola ere, euria egiten badu «B plan» bat dutela nabarmendu zuen pankartei sokak jartzen ari zen Louis gazteak.

Euskal Herri osotik bertaratutako gazteak aritu ziren elkarlanean Gazte Guneari azkenengo ukituak ematen. Guneko zati bat presoei eskaini diete. Bertan, preso baten ziega ikus daiteke, tamaina errealean eraikita; ondoko horman, «dispertsioaren mapa» azaltzen duen panel handi bat dago. Metro batzuk harago, berriz, gunearen nondik norakoak azaltzen dituen Info Gunea.

Sarreran, horma zuri handi bat izango da, «etortzen den orok nahi duen mezua bertan idatzi ahal dezan», argitu zuen Aitor Servier antolatzaileak.

Gazteek , ikuspegi propioa

G7-EZ! kontragailurrak plataformako eragileek espazio propioak izateko aukera eskaintzen zuen, eta, ondorioz, zenbait mugimenduk haien guneak antolatu dituzte. Txaleko horiek, esaterako, haien gunea dute kanpalekuan; portuan, berriz, tailerrak eta biomerkatua izango dira «aste intergalaktikoan». Hortaz, «gazteok ere gure ahotsa behar genuen», azaldu zuen Servierek.

Logika horren baitan antolatu dituzte “Euskal Herria eraikitzera goaz” lemapean hiru egunez luzatuko diren topaketak. Hizlari gehienak gazteak izango dira eta edukiak ere, gazte ikuspegi batetik landutakoak.

Servierrek «gazteei parte hartzeko deialdia» luzatu zien, eta egunean zehar egingo dituzten tailerrez gain, gaztetxe berrian bertsolariak eta kontzertuak izango direla oroitarazi zuen.